Ion Orzaiz
Begi horiek. Begi marroi horiek, betaurrekoen atzean. Argazkiari so egin orduko, horretan fijatzen zen Mikel. Begi marroi horiek, udako eguzkiaren errainuak islatzen. Azken hamar urtetan askotan begiratu zuen gazteak argazki urratua. Hamar urte, hiru hilabete eta egun bat. Ez zuen uste Mikelek itzalpeko bakardadeari aurre egiteko gai izanen zenik, baina lortu zuen, eta hein handi batean, erretratu horri esker izan zen. Begi horiek, begi marroi horiek udako argiaz blaitzen zuten ziega iluna, argazkia hartzen zuen aldiro.
Amaiurko oroitarrian atera zuten. Irribarretsu ageri ziren biak. Mikel, hamar urte gazteago, txima luzeekin, egungo alopeziaren arrastorik gabe. Eta aldamenean, Nahia, begi marroidun neska, udako argi guztia betaurreko handien atzean gordetzen. Argazkia atera zuten egunean Elizondoko bestetan izan ziren. Elkarrekin dantzan egin zuten, elkarrekin edan, elkar musukatu eta Citroen Berlingo baten atzeko partean larrua jo zuten. Biluzik, oraindik arnasestuka, begi marroi horiek betaurrekorik gabe ikusteko parada izan zuen Mikelek. “Ikusten al duzu zerbait anteojurik gabe?”, galdetu zion. Eta neskak baietz. “Benetan nahi dudana ikusteko, ez dut anteojurik behar”. Elkarrizketa hartatik bi astera, Mikelen etxera sartu zen polizia goizaldeko 04.00etan. Eta hamar urte luzeren buruan kalean zen berriz ere.
Espetxeko ate herdoildua zeharkatu orduko, gazteak ez zuen atzera begiratu nahi izan. Argazkiari azken ikusia eman eta patrikan gorde zuen. Handik gutxira, Nahia begiz begi ikusteko, ukitzeko eta usaitzeko parada izanen zuen berriro. Autoa hartu eta ordu gutxiren buruan, hitzartutako tokian zen. Amaiurko oroitarrian. Dena hasi zen puntu berean. Nahiaren arrastorik ez, ordea. Azken eskutitzean argi eta garbi hitzartu zituzten tokia eta ordua. Erratu egin al zen, akaso? Ez, ezin zitekeen. Behin eta berriz irakurria zuen gutuna, buruz ikasi arte. Ziur zegoen Nahia agertuko zela. Jakina baietz. Eta, hara non, emakume baten silueta ikusi zuen urrunean. Adats beltzarana belarrien pareraino moztuta eta galtza bakeroekin jantzita. Erabat aldatuta zegoen, baina bera zen, bai. Nahia zen. Betaurrekorik ere ez zeraman, eta begi-zuloak igartzen zitzaizkion begi marroien azpian. Mikelen parera iritsi zenean, gelditu eta so egin zion. Hamar urte lehenago ezagutu zuen mutil hori bilatzen zuen gizonaren aurpegi arrotzean. Bizkorregi zahartutako gazteak ziren orain biak. Bat-batean, Nahiak Mikelen keinu iheskor bat antzeman zuen. Hortxe zegoen aspaldi ikusi gabeko mutila. Irribarre egin zuten biek. Nahiaren irribarrea, ordea, berehala ezabatu zen. “Gauzak asko aldatu dira, Mikel”, bota zuen deblauki, eskua erakusten zuen bitartean. Ezkontza-eraztuna zeraman. Hasieran, Mikelek ez zuen ezer esan. Eraztunari begira gelditu zen. Eraztunari, eta jada ez zeuden betaurrekoei.
“Ez daramazu betaurrekorik”, esatera ausartu zen azkenean. “Benetan nahi dudana ikusteko, ez dut betaurrekorik behar”, erantzun zuen Nahiak. Lehenengo negar malkoak neskaren masaila zeharkatu baino lehen, buelta eman eta alde egin zuen, poliki. Emakumearen silueta gero eta urrunago, gero eta txikiago ikusi zuen Mikelek, erabat desagertu zen arte.
Han, Amaiurko oroitarriaren ondoan zutik, haizearekin dantzan ari ziren hosto marroi eta horiei so egin zien. Ordura arte ez zen konturatu ere egin, dagoeneko udazkenean zeudela, eta uda aspaldi amaitu zela.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/10/ion-orzaiz-ipuina.mp3]