Txikiteroa vs Brian Currin
Lokarrik eta Brian Currinen Nazioarteko Harreman Taldeak bake nazioarteko konferentzia antolatu duten honetan, Toñi Foroa (b) -hau da, berpiztua- erakundeak bake konferentzia nazionala sortzea erabaki du. Izan ere, euskal tradizioak agintzen du halako ekimen garrantzitsu bat abian jartzen bada, segituan beste paralelo bat sortzea. Eta gure bake konferentzia nazionalaren helburu nagusietakoa euskal tradizioak mantentzea eta berpiztea izanen da. Euskal gatazkak euskal estiloko konpoinbidea behar du. Beraz, haiek Aieten, Bakearen Etxean, bilera egiten duten bitartean, gu Goñi Tabernan, Kroketaren Etxean, batzartuko gara. Hona hemen bi konferentzien arteko ezberdintasun nagusiak: 1) Lokarriren nazioarteko bake konferentzian parte-hartzaile bakoitzak hiru minutu izanen ditu bere tesiak azaltzeko. Toñi Foroa (b) erakundearen bake konferentzia nazionalean, parte-hartzaile bakoitzak hiruna ordu edukiko ditu esan beharrekoa esateko -baita esatea beharrezkoa ez dena esateko ere-. Jakina, erreplika eta kontra-erreplikarako eskubidea izanen da. Areago, moderatzaileak ika-mikak bultzatuko ditu, eta digresio luzeak txalotu. Euskal tradizio asanblearioak horixe eskatzen du. Ezin ahantzi Iruña Veleiako ostraka batean zizelkaturik topaturiko idazkuna. AEK-ren lehen batzar nazionalaren akta zen. Mezua argia zen: “Edan, Jan, Lo, AEKren hiru eguneko batzarrak iraun bitartean”. 2) Lokarriren nazioarteko bake konferentzian ondorio guztiak agiri bateratu batean bilduko dituzte. Toñi Foroa (b) erakundearen bake konferentzia nazionalean, bilkura amaitutakoan, parte-hartzaile bakoitzak bere ondorioak bere agiri propio baten bitartez ezagutaraziko ditu. Halaxe egiten zuten demokraziaren sehaskan. Grezia klasikoan? Ez ba! Nafarroako erresuma zaharreko gorte guztiz asanbleario eta demokratikoetan. Gure konferentziara itzuliz, prefosta, talde bakoitzak -bere barne sektore agramondarren eta beaumondarren arteko ezinikusiak hala eskatzen badu- agiri bat baino gehiago karrikaratzea onartuko da. 3) Lokarriren nazioarteko bake konferentzian, nazioarteko sona handiko pertsonaiak elkartuko dituzte: Ahern, Blair (hau erabat baieztatzeke dute, baina badirudi azkenean etorriko dela) eta abar. Euskaldunok, baina, gehiago fidatzen gara gizarte zibilaz distira handiko izen abizenez baino, eta horregatik Toñi Foroa (b) erakundearen bake konferentzia nazionalean batere sonarik gabeko pertsonaia nazionalak elkartuko ditugu: Txikiteroa, Rikardo eta (hau erabat baieztatzeke dugu, baina badirudi azkenean etorriko dela) Patxi Lopez.
Euskal derbi-tranpa
Amaitzeko, ohi denez, tutti-fruttia: 1) Pentsatzen jarrita, arren otoi eta faborez, The Organization-ek ez dezala azken urratsa eman, ez dezala azken agiria plazaratu, Lokarriren konferentziaren harira. Beste edozein aitzakia balia dezala azken urrats hori emateko. Izan ere, Lokarriren konferentzia bada haren azken agiria bultzatzen duena, konferentzia hori bake eta normalizazio prozesuan mugarri nagusi bilakatzen bada, kalera atera beharko dugu Tony Blairren argazkiekin eta “Eskerrik asko, Munilla” dioten afixekin, Britainia Handiko lehen ministro ohia eta Eliza Katolikoa konferentziako parte-hartzaileen artean entzutetsuenetakoak baitira. Guri, behinik-behin, gogorra egionen litzaiguke. 2) Non dago Pelota Basqua? Guk gauza bakarra dugu argi, ez dagoela Amerikako Estatu Batuetan, Patxi Lopez lehendakaria han bilatzen ari bada ere. Eusko Jaurlaritzan? Moncloan? The Organization-en teilatuan? Aieteko Bakearen Etxekoan? Edonola ere, denek diote biharko konferentziaren ondotik ETAk agiria zabalduko duela. Galdera da ea zer esanen duen agiri horretan. Itxura guztien arabera, armak uzteko asmoa azalduko du. Baina zer adjektibo gehituko dizkio erabaki horri? Erabaki atzeraezina? Erabaki iraunkorra? Erabaki aldebakarreko? Erabaki...? Porra egin genezake. Asmatzen duenari, Tony Blairren eta Antonio Munillren argazki bana oparituko dizkiogu. 3) Bihar bake konferentzia ez ezik, euskal derbia ere izanen dugu: Athletic-Osasuna. Astelehena ezohiko eguna da euskal derbi baterako. Hainbatek harridura azaldu zuten, data ezagutu zutelarik. Kasualitatea? Aldez aurretik loturiko zerbait? Bere garaian Iribarrek eta Kortabarriak ikurrina atera zuten bezala, bihar Orbaizek eta Puñalek Britainia Handiko eta Vatikanoko banderak zelairatuko dituzte (Blair eta Munillaren omenez, jakina)? 4) Aste honetan jakin dugu Nafarroako presidente Yolanda Barcinak, ezkutuko dieten bitartez, gehiago kobratu izan duela Nafarroako Kutxarengandik Nafarroako Gobernuarengandik baino. Eta ezin ahantzi daiteke Nafarroako Kutxa orain Banka Civika izeneko banku pribatuko zati bat dela, zehazki, %15a, besterik ez. Egoerak zer pentsa ematen du: norekiko fideltasunez lan egin izan du Barcinak, Nafarroako Gobernuarekiko ala gehiago ordaintzen zion banku pribatuarekiko?
(Patxi Huarte Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak 2011ko urriaren 16an Berrian argitaratua)