Izaro Arroita
Iruditzen zait irakurtzeak (eta berrirakurtzeak) baduela zerikusirik birziklatzearekin, berritu egiten direlako etengabe testuari emandako esanahiak, norbere bizipenei eta irakurritako beste testuei lotuta, sarean.
Ba gaurkoan, eta gaurkotasun handia duela aprobetxatuaz, Sarrionandiaren testu batzuk ekarri nahi nituzke, irakurri eta, zorte pixka batekin, ziklo berriak has ditzaten.
Txikitan, nire libururik maiteenetakoa zen bere “Izeba Mariasunen ipuinak”, eta ipuin horietako bat kontatuko dizuet, “Izeba Mariasunen lilia”:
“Izeba Mariasun kezkati egoten zen bere liliak astiroegi hazten zirelako. Bere liliei begira egoten zen. Inoiz ura, inoiz ongarria, inoiz kafe hondarra ere emate zien. Eta han geratzen zen ea zelan haziko ziren begira. Baina ez ziren sekula berak nahi bezain aguro hazten. Eta behin ernegatu egin zen. “Orain bai haziko haizela” esan zion lili gorri bati, puntatik oratu eta gorantz tiratuaz. Hazi? Lilia luzatu, elastikoa bailitzen luzatu zen, baina punta soltatu zionean berehala mendretu, zimeldu eta soka busti bat bezala erori zen. Izeba Mariasuni ihintz tanta antzeko malkoak erori zitzaizkion masailean behera. Arratsaldean Jenfri Bogar zetorren eta Jenfri Bogarren egunhurrena zenez gero lili gorri hori zen oparitu nahi ziona”.
Liliari lili, Laboak kantatutako Sarriren beste poema haren oihartzuna datorkit berehala:
Lili bat
hartu
eta hostoz hosto
erantzi
eta harek zu ere
amets
eta harek zu ere
erantzi
eta hostoz hosto
hartu
lili bat.
Eta aurrerantzean ere testuak birziklatzen arituko naizela kontuan izanda, esan (edo birzikla) nezake, esate baterako:
Liburu bat hartu
Eta orriz orri
Irentsi
Eta harek zu ere
Amets
Eta harek zu ere
Irentsi
Eta orriz orri
Hartu
Liburu bat
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/10/izaro.mp3]