Euskal presoak, hurbiltze progresibora!

Euskalerria Irratia 2011ko urr. 3a, 09:04

Sinple eran

Euskadi Irratian goizero entzuten den iragarkia, buruz -edo buru txarrez- transkribatua: “Nola esaten da sinple eran aitatxok hazitxo bat jarri du amatxoren sabeltxoan, hazitxo hori haziko da, eta orduan Paristik etorritako zikoinatxo batek mar, mar, mar eta guos, guos, guos? Senidetxo bat izan behar duzu”. Iragarki beraren beste bertsio bat egin lezakete Patxi Lopez lehendakariak, iragan ostegunean, Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan, egin zituen adierazpenekin: “Nola esaten da sinple eran indarkeriaren zikloa gainditzea errazteko proposatzen dut baldin eta ETArekin hausten badute gizarteratzea helburu duen presoen hurbiltze progresiboa egitea, legea betetzen duten alderdi guztien legezko aitortza eta mar, mar, mar eta guos, guos, guos? Legea betetzea proposatzen dut”. Izan ere, horixe besterik ez du proposatu Lopez lehendakariak, legea betetzea. Sakabanaketa legearen aurkakoa baita. Indarkeria arbuiatu dutenez, Sortu, Bildu zein Amaiur nekez uzten ahal baitira legetik at legea bera -neurrira egindako Alderdien Lege hori- zeharo bihurritu, guztiz behartu gabe. Zuhur jokatu du, beraz, lehendakariak. Areago, gure idurikoz, baita zurrun ere. Halere, ikustekoa izan da Brunete mediatikoak Lopezi eman dion jipoia besterik gabe legea bete daitekeela iradokitzeagatik. Hona hemen kanoikadetako bat: “Lopezek bere egin du ETAren eta bere mugimendu politikoaren azken urteotako goiburu nagusia, etxera”. Martxa honetan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzipetuen aulkian eseraraziko dute. Sinple eran esanda, a ze fatxa koadrila.

Gora Javarra!

“Jaen y Navarra, unidas por la historia” (Jaen eta Nafarroa, historiak lotuta). Hala dio, gaztelera batu hutsean, Iruñeko Antoniutti parkean jarri duten pankarta handi batek. Navas de Tolosako batailaren VIII. Mendeurrenaren kontura, Jaengo Diputazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu Iruñean, Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin elkarlanean. Zer gertatuko litzateke Gipuzkoako Diputazioak, demagun, 1512ko konkistaren V. mendeurrenaren karietara, goiburu berarekin, Iruñean kanpaina egin nahiko balu? Nafarroako Diputazioak eta Iruñeko Udalak onespena emanen liokete? Batek daki. Edonola ere, Jaengo Diputazioaren pankartak argia ikusarazi digu. Gu, egiazki, ez gara euskal herritarrak. Gu, benetan, Javarra -edo Navarraen- herrialdeko semeak gara. Navas de Tolosako batailak batzen gaitu. Eta olibek, horiek ere bai, hemen betidanik oliba bota izan baitzaio bermutari. Orain arte ez genekien zergatik, baina orain argi dugu: Jaenekin modu banaezinean lotuta gaudelako. Nafarroako Kutxak utz dezala Banca Civica eta bat egin dezala Caja Rural de Jaenekin! Gora Javarra! Gora gu eta javarratar guztiak! Izan ere, zerk lotzen du Nafarroa Euskal Herria izeneko kimera hori ustez osatzen duten gainontzeko lurraldeekin? Bai, hizkuntza, euskara hor dago. Eta, beno, tira, bai, folklorea ere hor egon liteke. Eta gastronomia. Eta geografia. Eta Historia. Eta soziologia. Bai. Baina hizkuntza, historia, folklorea, gastronomia, geografia eta soziologia bezalako txikikeriak alde batera utzita, zerk lotzen du Nafarroa Euskal Herria izeneko kimera hori ustez osatzen duten gainontzeko lurraldeekin? E? Zerk?

Onomastika politikoaz

Amaitzeko, beti bezala, tutti-fruttia. Bat: Gaur eginen dute Amaiur koalizioaren aurkezpena Iruñeko Baluarte jauregian. Semantikoki, aurkezpenerako marko ezin egokiagoa da. Amaiurko gaztelua, Amaiurko setioa, Aragoi eta Gaztelaren aurka galdutako gerra... Bistan da Baluartea, gotorlekua, ederki egokitzen dela Amaiurren eremu semantikora. Bidenabar esanda, iraganeko kontu eta gerra oihartzunez beteriko eremu semantiko horrek ez dirudi egokiena indar aurrerakoi baten izenarentzat. Zein ote Amaiurren zerrendaburua? Henrike II.a Nafarroakoa? Eneko Aritza? Pedro II.a? Bi: EAJk, Atarrabia Taldeak eta Zabaltzenek ostiralean aurkeztu zuten haien koalizioa. Geroa Bai izena jarri diote. Izen horrek ere ezustean harrapatu gaitu. Izan ere, Eusko Alkartasunak Nafarroa Baitik alde egin eta gero, Nafarroa Bai 2011 marka erabili zuten. Uste genuen Aralarrek hanka egin eta gero, Nafarroa Bai 2011ko 4. Hiruhilekoa izena erabiliko zutela. Batzuk iraganera begira, besteak etorkizunera: nor arduratzen da presenteaz? Hiru: EAJ ere bere burua birbataiatzekotan omen dabil, baina bere gaztelerazko izenari doakionez soilik. Orain arte Partido Nacionalista Vasco izan dena Partido Nacional Vasco bihurtuko da. Euskaraz, aldaketarik ez: Eusko Alderdi Jeltzale izaten segituko du. Hau da, Eusko Alderdi Jaungoiko eta Lege Zahar zalea. Hasier Etxeberriak galdetu du ea zergatik ez diren ausartzen gazteleraz Partido De Dios y La Ley Vieja deitzera. Galdera ona. Akaso boto islamista muturrekoa irabaziko lukete, halako izenak egun muturreko alderdi islamistek soilik erabiltzen baitituzte.

(Patxi Huarte Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak 2011ko urriaren 2an, Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!