Katilinariak Calafell-eko hondartzan

Euskalerria Irratia 2011ko ira. 30a, 10:34

Josu Jimenez Maia

Gogoratzen? Calafell-eko hondartzan irakurtzen ari nintzen, udako oporren ondorengo astean, turista guztiak ordurako joanak, udazkeneko lehen hotzak uxatu izan balitu bezala. Hondartza osoa, beraz, niretzat, bakar-bakarrik aulki tolesgarrian eserita itsasoari begira, eguzkiak liburuko orriaren txuria nabarmentzen zuelarik. Barral editore ospetsuaren etxearen parean nengoen, eta Casal Barral eder horrek oporraldia liburu batekin partekatzera gonbidatzen du. Hitzak, paper txuriaren gainean beltz-beltzak, dantza geldoan mugitzen ziren nire begien konpasean.

Orri-markatzailea sartu eta Ameliè Nothomb-en  Katilinariak  nobela esku artean estutu nuen. Biziki maite dut idazle belgikar horren idazkera xaloa, gozoa, leuna; anekdota hutsaletatik narrazio ederrak lortzen ditu emakume horrek. Ameliè Nothomb-ek bere obsesioak eta amesgaiztoak paperean jartzen ditu, baina katarsi literariotik haratago doan nobela hunkigarriak idazten ditu. Berrogei urteren bueltan gabiltza Ameliè eta biok. Nire lagun bakarra, garai horretan. Agian horregatik maite dut.

Orri-markatzailea sartuta, belaunen gainean utzi nuen liburua. Itsasoari begira, neure baitan bilduta sentitzen nintzen, aurikularrak jarrita Steve Morse-ren Love thing diskoaren melodiak bata bestearen atzetik entzuten ari nintzelarik. Kanta akustikoek laguntzen didate irakurtzen, hitzak dituzten kantek ez bezala. Gitarraren melodiarekin, berriz, lerroz lerro eta hitzez hitz orriak eta orriak irakurri ohi dut, nekerik gabe irakurri ere. Akaso egia da zuk diozuna, ez dakigula isilean egoten, ez digutela irakatsi isilean egoten, eta ohitu garela beti zerbait entzuten egotera. Segurki, zuk arrazoi.

Baina utzidazu gogoratzen goiz hura. Gero eta hotzago zegoen Calafell-eko hondartzan, udazkena tematu izan balitz bezala nire opor berezi horiek laster bukatuko zirela gogorarazten. Laster bukatuko zen oporraldia eta Euskal Herrira itzuliko nintzen, laster itzuliko nintzen administrari nire lan horretara, hondartza horretatik horren urrun zirudien nire lanera. Bulegorako bidaia mentala gauzatu aitzin, liburuari lotzea erabaki nuen.

Liburua zabaldu, orri-markatzaile salatia atera, eta irakurtzen jarraitu nuen. Liburu horrek kontatzen duena hauxe da: bikote-bakardadea bilatzen duten erretiratu berri batzuek ez dute bakerik izango, aldamenean bizi den mediku bat arratsaldero-arratsaldero etortzen baitzaie bisitan. Solaskide ona balitz, tira, baina kontua da mutua dela. Hantxe jarri, eta berari atera behar zaizkio hitzak tiraka.

Bitxia, argudioa. Ameliè-rekin arratsalde osoa gelditzeko asmo sendoa neukan,  itsasora sartzeko inolako asmorik ez bainuen. Hoteletik eramandako oihala baliatu nuen hankak ipar bigun hozkirritik babesteko. Liburuaren orria pasatzean, papera haztatu nuen. Leuna eta beroa zen, irakurtzen ari nintzen pasarteak liburuari berari berotasunik erantsi izan balio bezala.

Liburuaren azal gogorra ukitu nuen: hura ere beroa iruditu zitzaidan, agian, kontrastean, gero eta haize hotzago zegoelako eta bazirudien liburuak ordura arte pilatutako eguzki izpiak askatzen ari zela banan-banan.

Eta bat-batean, leun eta bero zen, oso bero izan ere, nire beso-buruan pausatu zen zure esku hura. Orduan hitz egin zenidan estreinakoz, orri-markatzailea eman zenidalarik. Antza, lehenagotik eroria eta hondarretan egona zen orri-markatzaile hura. Oso detaile polita izan zenuen orduan: orri markatzailea bueltatu aitzin, hondar aleak garbitu zenituen, goxo, leun…

Lehenik, zure ezpain haragitsuetatik isuritako hitzak ez nituen entzun; aurikularrak erantzi nituen, eta bigarrenik, zure ezpain haragitsuetatik berriz atera ziren hitz horiek, goxo, leun… Bigarrenez entzunda ere, katalanezko zure hitzak ez nituen ulertu. Gerora horrenbestetan musukatu nauten ezpain horietatik ateratzen ziren hitzekin dantzan hasi zen nire burua. Uste dut ordurako zu ohartua zinela ze urduri nengoen: ez nintzen gai zure ezpain haragitsuetatik begiak aldentzeko, baina bazirudien ulergaitza zitzaidan katalana hobeki ulertuko nuela zure ezpainei begira-begira egonik.

Nire eskuan orri markatzailea garbi-garbirik zuk pausatzean, ez zenidan eskua ukitu, eta nik zure eskuaren berotasuna berriz sentitzeko beharra neukan: berrogei urteren bueltan ez dago denbora alferrik galtzerik. Hirugarrenez katalanezko hitzak errepikatu zenizkidanean, nire begiak dantza geldoan mugitzen ari ziren zure ezpainen konpasean. Aulki tolesgarritik jaikitzeko imintzioa egin nuen, eta Amelié Nothomb-en Katilinariak hondarrera erori zen. Zure ezpain haragitsu zoragarriek irribarre bat egin zidaten opari.

Gure nobela luzearen lehen atala idazteko ordua heldu zen orduan, Calafell-eko hondartzan.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/09/josu-j-maia.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!