Esperimentu biopolitikoa kalean

Euskalerria Irratia 2011ko ira. 30a, 09:42

Iñigo Astitz

“I am vertical/ but I'd rather be horizontal”

Silvya Plath

Nazkatu naiz horrenbeste bertikaltasunez.

Hainbeste mende, hainbeste hautaketa, zertarako?

Etzan naiz, eta hemen aldarrikatzen dut bizitza,

errealitatea gertatzen den bidegurutze honetan.

Badaude gehiago, baina hau da nirea, hemen eteten

eta elikatzen du mundua nire identitateak.

Hemen altxatzen naiz kapitalismo mundialaren aurka,

eta sumatzen ditut bere atzaparrak inguruan,

bere kapital, salgai eta jende zirkulazio bihurria.

Berdin dio, bazterrean uzten ditut hiltzen

saltzen dizkidan bizimodu mota eder guztiak.

Besterik da jendearena. Begira dauzkat hirira

erakusleihoak ikustera etorri diren familiak.

Ez diet ezer saldu nahi eta ez dira nitaz fio.

Udalari kexaren bat jarriko dioten irrikitan nago;

sala nazatela, eska ditzatela karbono frogak-edo.

Nik ere jakin nahi dut nire hezurretatik zenbatek

ageri duten bizitza mota arrastoren bat eta

etorriko den zer giza klaseren katebegi naizen.

Dirua non utzi ezin asmatuz dabil baten bat, eta

elkartasuna azaldu gogoz beste bat. Aldarrikapen

gisakoren baten bila irakurtzen ditu nire adarrak.

Alferrik. Zenbatez den errazagoa hiltzea bizitzea baino,

hori da mezua: eta aski zaidala bizitza bizi nahiarentzat.

Ez da gutxieneko kontsigna izatera heltzen.

txandaka, erraz aspertzen dira denak eta badoaz.

Sustraiak nahi nituzke eta eternitate zantzuren bat

inguratzen nauen konkrezio nahaspila honetan.

Zerua ikusten dut eraikin artetik, zeru puska bat,

hodei batzuk. Begirada axolagabez jarraitzen ditut;

mugitzen dira, desagertzen dira. Ez didate balio.

Behin esan zenidan literatura edo gorputza

besterik ez genuela merezi eta arrazoia zenuen.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/09/ic3b1igo-astiz.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!