Iraila

Euskalerria Irratia 2011ko ira. 28a, 20:06

Anuska

Uda bukatzen zaigu, leihotik begiratu besterik ez da behar, edo kalera atera, hoztu, busti. Akabo oporrak, goizeko lan ordutegiak, igerilekuko egonaldiak... Oraindik ere batzuk "udako oporrak" ari dira gozatzen baina, orokorrean, gure jardueretara itzultzeko sasoian gaude, batzuk erabat murgilduta jada, beste batzuk erritmoa hartzen.

Baina testuinguru honetan ezin dezaket ahaztu inongo jardueretara itzultzeko beharrik edo, hobe esanda, aukerarik ez duten horiek: langabetuak edo, era gogorrago batean esanda, "desokupatuak", eta termino hau ekartzen dut ez delako gauza bera langabezian egon edo desokupatua egotea, baina askotan batek bestera eramaten duelako, zoritxarrez.

Gaur egun denok dugu inguruan lagun bat edo gehiago egoera honetan. Nik, oso gertuko bi: Abel eta Andrea. Abelek duela hiru urte bere lanpostua galdu zuen, eta langabezia saririk ez du jada jasotzen. Amarekin bizi da. Ez du bidaiarik egin, ez da lagunekin asko atera uda honetan. Zaila da berarekin planik egitea, batzuetan etxera afaltzera gonbidatzen dugu, edo bueltatxo bat ematera, baina egian esan, nekagarria egiten da bere atzetik ibiltzea, berak ez duelako inoiz deitzen. Eta badakizu, egitekoak ditugunok hain estresatuak gabiltzanez... Batzuetan zurrunbilo batean bi aste pasatu eta gero berataz akordatzen naiz, eta zera pentsatzen dut: zertan pasatu ote du denbora hau guztia?

Haserretu ere egiten naiz batzuetan: zeozer egin beharko luke, mugitu, zerbait bilatu. Besteetan arrazoia askoz ere nerekoiagoa da: zergatik ez dit honetan edo beste honetan laguntzen, hainbeste denbora libre duen honek? Errua berari botatzen diot, norbaiti bota behar diogulako gure saminaren errua. Zaila delako onartzea gure artean amildegi bat sortu dela, okupatu eta desokupatuen artekoa. Baina botatzen diodan errua bueltan etortzen zait, eta ni naiz nerekoia eta erruduna, ez dudalako ulertzen, ez dudalako nola lagundu jakiten.

Andrea, aldiz, okupatzen da. Inguruan duen jendea laguntzen du, denbora duelako. Egunero goiz jaikitzen da, korrika egitera joaten da, lan eskaintzak begiratzen ditu, bere ama gaixoarekin arduratzen da, bere lagunen haurrekin gelditzen da, noiz edo noiz, eta abar luzea. Ordutegia oso osorik betetzen du. Indartsu dabil, beraz, eta miresgarria da nola daraman egoera. Halere, erraz haserretzen da azkenaldi honetan, estresatua dago, bere gauzak ez besteenek betetzen diotelako bere denboraren eta arduraren zatirik handiena. Orduan zera esaten diot: ba, ez ezazu egin, ez duzu beharrik eta! Baina berriz ere konturatzen naiz ez dela bere errua, besoak antxume ezin dela egon, baina horrek ez diola kentzen egutegirik ez izateak sortzen dion egonezina, egiturarik gabeko sentsazio oso barrukoa.

Hauexek dira nire bi lagunen egoera zailak. Bietan, Andrearen jarrera nahiago dut, dudarik gabe, baina jarrerarik hoberena izanda ere, zein zaila den irailan ezer ez hastea!

Niretzat iraila hilabete gogorra da, lan asko izaten dut beti, eta gehitu udaren bukaerak uzten duen pena eta udazkenak dakarren astenia. Eta lotsa ematen dit Abel eta Andrearen aurrean kexu ibiltzea. Zorionez, hirurok jakin badakigu lagun artean baimenduta dagoela kexatzea, eta haserretu beharrean, besteari entzun, ulertzen saiatu eta zubiak eraiki behar ditugula, amildegi garaietan ere, amildegi garaietan batez ere.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/09/anuska1.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!