Kontuz okupekin!

Euskalerria Irratia 2011ko ira. 27a, 17:05

Iñaki Azkunak arrazoi

Bilboko alkate Iñaki Azkunaren arabera, kazetariok kontuz ibili behar dugu, edozein unetan okupak gure irratietan, telebistetan, egunkarietan sar baitaitezke. Ez zaio arrazoirik falta. Gezurra eman dezake, baina halakoak gertatu gertatzen dira. Esaterako, niri neuri gertatu zaizkit. Eta nire lagunei ere bai. 2003ko otsailaren 20an, lantokira iritsi nintzelarik, okupa batzuk topatu nituen barruan. Ez zaramatzaten, baina, okupek eraman ohi dituzten txima luzeak eta arropa koloretsuak. Kaskamotzak ziren denak, kaskoak zeramatzaten eta berde ilunez jantzita zihoazen. Guardia Zibilak ziren eta Euskaldunon Egunkaria-ren Iruñeko ordezkaritza miatzen, ixten, zigilatzen ziharduten. Urte batzuk lehenago, 1998ko uztailaren 15ean, Egin-eko Iruñeko ordezkaritzako lagunei gauza bera gertatu zitzaien. Eta duela pare bat urte, beste bi okupa hurbildu ziren nire egungo lantokira, Euskalerria Irratira, okupazioarekin mehatxu eginez, gezur bat argudiotzat ibiliz, Noaingo aireportuan interferentziak eragiten ari ginela hain zuzen ere. Bi foruzain ziren. Azkenean ez zuten gure lantokia okupatu, baina xantaia egin ziguten: 30.000 euroko isuna ordainarazi ziguten, gure erredakzioa ez okupatzearen truke. Kontatu digutenez, aste honetan bertan, Bilbon, Errekalde auzoan, Kukutza gaztetxean, jite horretako arazoak izan dituzte. Okupa kaskodun kaskamotzak sartu dira haien kultur eta aisialdi zentroan, urtetako lana zapuzteko. Itxura guztien arabera, okupa horiek ez dute haien kaxa erabaki Kukutzan sartzea. Haien gibelean, hariak mugitzen dituzten alderdi politiko jakin batzuk daude: EAJ, PSE eta PP.

Nafarroan, aldaketa inoiz baino gertauago

Nafarroan aldaketa Bilduren esku dago. Ez da Bakartxo Ruizen edo Maiorga Ramirezen esaldia. Ezta halakoak esaten hasteko bidean dirudien Patxi Zabaletarena ere. Gurea da. Foru Parlamentuan bere alderdiak Bilduk aurkezturiko ekimen guztien aurka eginen duela iragarri du Nafarroako PPko buru Santiago Cerverak. Berriki, PP eta UPN berradiskidetu dira, eta beraz pentsatzekoa da aurki UPNk gauza bera eginen duela. Hori horrela, Bildu berehalakoan has liteke egiten Nafarroako Euskararen Legearen zonifikazioaren alde, abortatzeko eskubidearen aurka, Abiadura Handiko Trenaren alde, ETB Lurreko Telebista Digitalaren bitartez hartzearen aurka, Euskalerria Irratiari emititzeko lizentzia ukatzearen alde, Laugarren Xedapen Gehigarria aplikatzearen aurka... Are gehiago, gure Foru Erkidego honetako zenbait mihiluzek diote oso litekeena dela azaroko hauteskundeen ondotik, Santiago Cerverak Madrilera alde egitea, ministro izateko -itxura guztien arabera- Raxoik eratuko duen gobernuan. Hori horrela, Cervera koherentea bada eta Diputatuen Kongresuan Foru Parlamentuan erabiliko dituen irizpide berberak ibiltzen baditu, Bilduk aurrerapauso ikaragarriak eman litzake independentziarantz daraman bidean, hain justu egungo marko juridiko politikoaren aldeko, autodeterminazio eskubidearen aurkako edo Otegi eta Bateraguneko gainontzeko auzipetuak espetxeraturik mantentzearen aldeko ekimenak aurkeztuz.

Herritarrekiko kontaktuaren bila

Amaitzeko, ohitura zaharrei jarraiki, tutti-fruttia, aste honetan, bi zaporetakoa. Bat: Kazetaritza fakultateetan diotena egia berdaderoa da. Testuingurua ezinbestekoa da albiste bat behar bezala ulertzeko. Joan den ostegunean, azalean, mantxetaren azpian, zutabe bakarreko goiburu txikian, honako adierazpen hauek irakur zitezkeen Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkarian: “Herritarrekiko kontaktua berreskuratu behar da”. Gizatasuna darie hitzoi, jatortasuna, berotasuna, bibrazio ona... baldin eta testuingurua ezagutzen ez bada. Lerro-buruaren alboan, argazki txikitxo batean, txarolezko kapela batekin ageri zen eleon esalea. Horren azpian, haren izen deiturak eta kargua irakur zitezkeen: Juan Luis Perez, Guardia Zibileko Nafarroako koronel nagusia. Adierazpenon testuingurua ezaguturik, berboi jatortasuna bainoago mehatxu kutsua darie, berotasuna bainoago berotzeko gogoa. Edo hala iruditzen zaigu, gutxienez, Zaldieroari eta bioi. Bi: Iragan ostegunean bertan, poliziaren gehiegikerien biktimek jasoko dituzten laguntzen inguruko azalpenak eman zituen Eusko Jaurlaritzako eledun Idoia Mendiak. “ETA da indarkeria guztiaren sorburua”, bota zuen horren harira. Hau da, ETA da torturaren sorburua. Oso kontzeptu emankorra izan daiteke. Torturapean beren burua ETAko kidetzat aitortu duten pertsonak talde terroristako kide izateagatik zigortzeaz gain, beren buruaren torturatzaile izateagatik ere zigor ditzakete. Parot dotrinari segida emateko modu burutsua.

(2011ko iralaren 25ean, Zaldi Eroak eta Juan Kruz Lakastak Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!