Cervantesen erdara ederrean

Euskalerria Irratia 2011ko eka. 3a, 11:59

Josi Basterretxea

Milaka lagun erakusten dituzten argazkiak hautatu ditut gaur. Aurpegi irribarretsuak, kolore askotako txano, kamiseta eta prakak. Jai-giro koloretsua, Bizkaiko kostaldean.

Bizkaiko ikastola pribatuen aldeko jaia izan zen atzo Ondarroan. “Zubi Zaharra” eta “Resureccion Maria de Azkue” ikastolen aldeko festa ederra. Ondarroa eta Lekeitioko ikastolen alde.

Beste behin ere, ongi erakutsi du herri honek euskara babesteko duen grina. Zalea da gure herri hau euskararen alde antolatzen diren jaietara modu masiboan hurbiltzeko, hor daude horren lekuko: Ibilaldia, Korrika, Nafarroa Oinez…

Mobilizazio-indar handikoa da herri hau. Badu hori, baduenez.

Ez nintzen Ibilaldira joan. Mendira joan nintzen. Eta han ikusi eta entzundakoa kontatuko dizuet.

Hara, heldu ginen ba tontorrera, eta mokadutxoa hasi ginen jaten. Atzetik hurbildu ziren zenbait gazte. Tontorra okupatu, ikurriña atera, Abiadura Handiko Trenaren aurkako pankarta ireki eta argazkiak egiten hasi ziren.

Denak euskaldunak. Euskara bazekitenak. Beren artean denak erdaraz. Guri, xaharroi euskaraz egin ziguten. Beren artean, Cervantesen erdara ederrean jardun zuten…

Hori ere badu herri honek, baduenez.

Erredakzioaren oharra: maiatzaren 30ean emititua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!