Kirolak irakurtzeko ahaleginean

Euskalerria Irratia 2011ko maiatzaren 17a

Josi Basterretxea

Egunkaririk gehienetako lehen orrialdeetan, kirola eta Dominique Strauss-Kahn ageri dira argazkietan: Espainiako futbol-txapelketaren emaitzak eta Nazioarteko Diru Funtseko buruaren eskandalu sexuala. Barruko orrialdeetara egin dut jauzi. Argazki batek inpaktatu nau: auto baten gainean, gorpu bat.

Gogor eragin dit ninietan, bere krudelkeriagatik. Baina, eskertu egin diot gogoraraztea gerraren anakronismoa.

Asteburu honetan, hamabost hildako eta ia berrehun zauritu izan dira Israelgo mugetan, palestinarrek Israel Estatuaren sorreraren kontra protesta egitean.

Orain hirurogeita hiru urte, mila bederatziehun eta berrogeita zortzigarreneko maiatzaren hamalauan sortu zen Israel. Orduan bukatu zen juduen exodoa, eta palestinarrena hasi. Lau milioi palestinar errefuxiatu daude munduan zehar. Urtero gogoratzen dute exodo hori Palestinan.

Asteburu honetako ekitaldiak gorriz tindatu dira. Beste behin ere. Palestinak jarri ditu kasu honetan hildakoak. Israelek balak. Sarraskiaren anakronismoak erretzen dizkit begiak. Beste behin ere.

Astelehenetan, kirolak irakurtzeko ahalegina egin beharko nuke…

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!