Hauteskunde-kanpainaren mirariak

Euskalerria Irratia 2011ko mai. 12a, 09:47

Fermin Erbiti

Gauza jakina da hauteskunde kanpainak, neurri batean, antzezlanak direla. Hautagaiak botoen bila dabiltza, batzuetan sekula zapaldu gabeko tokietan, askotan inoiz probatu gabeko posetan, gero eta mezu sinpleagoak aldarrikatuz, alegia, mezua gero eta faltsuagoak, mundua ez baita horrelakoa, askoz korapilatsuagoa baizik.

Eta jo eta ke ari diren politikariek argazki bitxi samarrak utzi dizkigute: autobusa sekula erabiltzen ez duen alkatea autobusean ikusi dugu, hiritarrekin solasean, irribarretsu, itxura eginez, hori egunerokoa dela sinistaraziz; alderdi berarekin segituz, haren kargua hartu nahi lukeena pilotan erakutsi digute, Iturramako Lopez frontoian. Asteburuko argazkia ikusi dutenak konturatuko ziren: pilota ezker paretatik hurbil zegoen, bazterturik. Pilotazale guztiek dakitenez, hori ezkerrez erantzun beharreko pilota zen. Alkategaiak, berriz, eskuinez erantzun zion, ezker oso ahula duenaren postura traketsean.

Beste batzuk, azken lau urteotan lehen aldiz, merkatura joan ohi dira, edo bizikleta hartu eta paseoa eginen dute, aurretik kazetariei deituta, noski, hurrengo eguneko argazkia helburu.

Antzezleek lanean segituko dute datozen egunetan, eta baliteke irudi harrigarriak uztea, kanpaina ofiziala hasi aurretik ikusi nuenaren parekoa. Hor zegoen hautagai abertzalea, argazki batean, koalizioko beste batzuekin La Internazional abestuz, eta, gainera, euskaraz, egunkariak zioenez. Hura ere itxura egiten ari zen, gaztelaniaz izan balitz ere ezinezkoa zelako, hark inoiz ez baitu horrelakorik abestu. Baina behin euskaraz zerbait ikasten hasi, aizue, eta La Internazional ikastea... hori hauteskunde kanpainan baizik ezin liteke gertatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!