Senpere

Euskalerria Irratia 2011ko mai. 10a, 11:08

Josi Basterretxea

Senperera begiratzeko irrikaz jaiki naiz gaur. Atzo bertan izan baitzen euskal eskolen festa nagusia Bidasoaz iparraldera. Euskal Herrian argia ikusten duten zazpi egunkariren azalak arakatu ditut Herri Urratsen argazkien bila, pentsatuz gai garrantzitsua zela. Erratuta nengoen.

Zazpi egunkari horietatik, hiruk badakarte argazkia. Bik txikia. Batek handixeagoa. Diario de Noticias eta Diario Vasco dira argazki txiki bana azaltzen dutenak. Gara, handiagoa dakarrena. Diario de Navarra, Correo, Deia eta Veinte Minutos direlakoek, argazkirik ez. Aipamen nabarmenik ez.

Egunkari garrantzitsuak dira horiek Euskal Herrian. Irakurle asko dituztenak. Iritzi soziala sortzen laguntzen dutenak. Baina, Herri Urrats ez zaie lehen orrialdera eramateko modukoa iruditu. Zergatik ote?

Agian ez dugu asmatu euskaldunok horrelako egunkariak hurbiltzen Senperera. Agian eurak dira Senpereko lakuan bainurik hartu nahi ez dutenak.

Gizarte-konbibentziaz hitz egiten denean, elkarbizitza sozialaz hitz egiten denean… konbibentzia linguistikoaz hitz egitea ere ez legoke batere gaizki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!