Aitor Etxarte
Euskaldunak gara orain euskalgintzaren diskurtsoen erdian. Atzean geratu da, dibinoen eztabaidetan batitpat, urteetan nagusia izan den bestea: euskara gure altxorra da- euskara zaharra salbatu- euskara maitatu beharra. Erantzun egokirik ematen ez zuen eta bazterrean gelditu da. Hori ordezkatzeko garai batean indartsu zegoen azalpen ekologiak ematen du azterketa biziberritu duela. Arazoa da gutxitan azaltzen dela Al Goreren edo Itoizko Solidarioen azterketa ekologikoetatik zein den aukeratzen dena.
Orain, feminismoaren ondorengo gay-trans eta lesbianen mugimenduan jarri dute beste batzuk arreta jabekuntza kontzeptua euskalgintzara ekarriz. Besteak beste, trinkotze joerak eraginkortasuna ematen duela azaltzen da eta, muturrean jarriz ere, presio talde bezala jokatzeak sortzen dituen abantailaz mintzatzen da. Ideia ez da berria eta gure sakabanaketa ikusita erakargarria.
John Lee soziologoak deskribatzen du AEBetako S.Francisco hirian komunitate homosexualak eratu duen gaitasun funtzional osoa eguneroko bizitza erabateko testuinguru homosexualean aritzeko: jatetxeak, era guztietako erosketak, etxegintza, aisialdia, harremanak…
Iruñetik ikusita euskaldunentzako ametsa litzateke hau. Baina, hau al da gure Euskal herria mitifikatu horrentzako nahi duguna? Trinkotzearen premia bistan da baina, besterik gabe onartuz, ematen du lurralde honetan hegemonikoak izatea bazterrean uzten dugula. Hau da, betirako minoria izatearekin konformatzen garela.
Merced kaleko euskaldunak trinko bizi gara gure artean beti euskaraz ari garelako, baina, ez zait nahikoa iruditzen. Eta gainerako kaletar guztiekin, zer?