B eta I

Euskalerria Irratia 2011ko mai. 5a, 00:01

Elixabete Garmendia

B eta I, bi, horiek gaur barra barra xahutuko diren hizkiak. Irratiko esatariak bi izen iragartzen zituen goizeko lehen albistegietan, Bin Laden eta Bildu. Bien argazki banak betetzen dute Berriaren azala ia osorik, Bin Ladenenak eta Bildurenak. Azala partekatzeko zoria, zorigaiztoa? izan dute berez maiatzaren bikoak diren bi argazkiek.

Bildukoan jende andana eserita, bat, bi, hiru, lau, bost lerrotan. Erriktus serio berbera argazkian ageri diren guztiengan. Begitartea ilun, ezpainak estu, hemen ez dago txantxarik; baretasunaren atzean antzematen dira amorrazioa eta ezintasuna.

Pentsa, Bildukoena baino argiagoa da Bin Ladenen aurpegiera artxiboko argazkian. Begi handi horiek gogortasunik gabe zuzentzen zaizkio kamerari; ezpainak, hortzak erakusten uzten ez badute ere, erlaxatuta daude. Argazki hau edo antzekoak nagusitu dira egunkarien azaletan, bestea, Bin Laden hilda azaltzen duen hori, gezurretakoa dela zabaldu eta gero.

Honez gero Hollywoodeko gidoilari eta ekoizleak lanean dira, militar estatubatuarrek Pakistango hiri orain arte ezezagun batean Bin Laden hil zuteneko ekintza zinera eramateko. Egia esan, ez daukate irudimenean asko inbertitu beharrik. Militarren diseinuzko operazioa batetik, Etxe Zurian Obama, Hilary Clinton eta konpainia ekintza urratsez urrats jarraitzen…  Pelikula horrek ez digu esplikatuko, ordea, zer gordetzen zuen deabru bilakatutako gizonaren bihotzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!