Zizarea gazta zulatzen

Euskalerria Irratia 2011ko mai. 4a, 21:30

Josi Basterretxea

Bandera gorrien argazkiak espero nituen Euskal Herriko egunkarietako lehen orrialdeetan. Bandera gorriak badira, baina ez nik uste beste.

Argazkietan, Vatikanok irabazi du erronka. Maiatzaren Lehena hartua zuen curia erromatarrak lehen urrats gisa Wojtyla Aita Saindu antikomunista santutze-bidean sartzeko. Gure inguruko egunkarietako argazkiei erreparatuz gero, argi dago Erromako festa erlijiosoa gailendu zaiola Internazionalismo Proletarioari.

Halere, maiatzaren leheneko manifestazioak hor izan ziren. Gure etxean bezala, Munduko lau bazterretara zabaldu zen lan duina eta soldata duinaren eskakizuna.

Edozein modutan ere, gaurko albiste nagusia ez da hori. Oraindik ez diote argazki esanguratsurik jarri albisteari, baina lerro-buru nagusiak bereganatu ditu jada: “Bildu hauteskunde-koalizioa ez da legezkoa”. Horixe esan du Espainiako Epaitegi Gorenak. Horixe diote titularrek.

Argazki esanguratsua beharko zukeen albisteak. Edo agian, marrazki bat. Karikatura bat, akaso.

Asmatu beharko dugu bat. Asmatu beharko duzu bat zuk zeuk, entzule. Nik honako hau proposatzen dizut: zizarea, gazta zulatzen. Zizare bat, gazta bat zulatzen; horra nire proposamena.

Zein da zurea?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!