The walking lehendakari

Euskalerria Irratia 2011ko mai. 2a, 21:11

Rodolfo zur eta lur utzi zuten Patxiren adierazpenek: “Euskal herritar gehienok uste dugu EA eta Alternatiba ez daudela kutsaturik eta ez direla ETAren tresna”. Irratian entzun zituen hitzok, auto ofizialean, etxerako bidean. Gaizki ulertu zituela pentsatu eta txoferrari bolumena igotzeko eskatu zion, baina ordurako esataria beste albiste batekin ari zen. Urduri, sakelako telefonoa internetera lotu eta han topatu zuen esaldiaren transkripzioa. Ez zuen gaizki entzun. Berak ulerturiko hori bera esan zuen Patxik. “Baina ze kristo ari haiz?!?”, orro egin zuen haserre bizian. Txoferra zeharo kikildu zitzaion: “Barka, jauna, oraingoan zer egin dut gaizki?”. Azalpen idorra eman zion: “Ez ninduan hirekin ari”.

Patxiri deitzea erabaki zuen, baina aztoramenaren ondorioz ez zuen agendan haren zenbakia bilatzen asmatu, eta azkenean sega-potoa lurrera bota zuen, amorruaren amorruz: “Madarikatua!”. Honako honetan gidaria ez zen ausartu biraoa berari zuzendurikoa ote zen galdetzera. Rodolfok odola lokietan kolpeka sumatu zuen. Orduantxe deliberatu zuen hobe zuela lasaitzea eta azalpenak biharamunean eskatzea. Zertara zetorren Patxiren adierazpen hori? Ez al zen jabetzen Bildu politikoki hilda zegoela eta esaldi horrekin berpizten ari zela? Ez al zen jabetzen Bildu legez kanporatzen ez bazuten haiek izanen zirela aurki politikoki hilda egonen zirenak? Zergatik bururatzen ari zitzaizkion hildakoekin loturiko horrenbeste erkaketa?

Biharamunean goizean-goiz Ajuria Eneko bulegoan bisita egin ziolarik, Rodolfok azkena izan ezik beste galdera guztiak arrapaladan bota zizkion Patxiri. Patxik sakon hartu zuen arnas, eta mantso-mantso, hitz egitea kastako balitzaio bezala erantzun zion: “Lasai, Rodolfo, lasai. Gure diskurtsoa berregokitzen ari naiz, besterik ez”. Rodolfok, jakina, ez zuen etsi: “Gure diskurtsoak ederki funtzionatzen du eta sekulako etekinak ematen dizkigu. Ez dugu zertan ukitu”. Patxik berriro sakon hartu zuen arnas: “Gure diskurtsoaren arabera, ETAren estrategiarekin bat datorren guztia legez kanporatu behar dugu, ezta? Bon, bada aste honetan jakin dugu ETAk zerga iraultzailea kobratzeari utzi diola. Eta, beraz, enpresariek zerga iraultzailea ordaintzeari utzi diotela. Zer egingo dugu, CEN eta Confebask legez kanporatu ETAren estrategiarekin bat egiteagatik ala ordaintzen jarrai dezaten eskatu?”.

Patxik barre txikia egin zuen, berehala eztul gaizto bilakatu zena. Birikak ahotik botako zituela zirudien. Rodolfori, berriz, Patxiren ateraldiak ez zion batere graziarik egin. Areago, sutan jarri zuen. Bezperan bezala, odola lokietan kolpeka sumatu zuen, eta Patxik eztul egiteari utzi aurretik ekin zion ia txilioka erantzuteari: “Onda Vascako tertulianoa ematen duzu. Are okerrago, Garako zutabegilea dirudizu. Aski ongi dakizu guk Ajuria Enean segitu ahal izateko ezinbestekoa dela Bildu, EA, Alternatiba, denak legez kanpo uztea!”.

Patxi mahai gainean zuen basotik ura edan, arnasa sakon hartu, eta berriro mantso mintzatu zen: “EAren sortzailea demokraziako lehen lehendakaria izanda, ezin ditugu legez kanpo utzi, urrutiegi joatea litzateke. Dena kontrolpean daukat, Rodolfo, egon lasai” erantzun, eta begi bat kliskatu zion. Hori egiterakoan, baina, beste begia betzulotik atera zitzaion, eta bulegoaren mahai gainera erori. Zulotik isurki berde trinkoa irten zen. Patxik “ups” esan, begia bere tokian berriro sartu, eta irribarre zabala egin zion. Hortzak belztuta zituen eta hortzoiei odola zerien.

Une hartan, Rodolfok dena ulertu zuen: “Garaikoetxea lehendakaria izan zen, eta hemen bertan, Ajuria Enean bizi izan zen. Beraz, Garaikoetxea kutsatuta badago, zu ere kutsatuta zaude, zu ere politikoki hilda zaude, zu ere zonbi politiko bat zara!”. Patxik, begia oraindik erabat ongi kokatu gabe zuenez, begirada okerrez eta doinu maltzurrez erantzun zion: “Eta ni kutsatuta banago, zu, Rodolfo alderdikide maitea, ere bai, zu ere politikoki hilda zaude, zu ere zonbi politiko bat zara. Kar! Kar! Kar!”. Patxiren barreak orduan ere azkar bilakatu ziren eztul gaizto, eta azkenean birika bat ahotik bota zuen. Rodolfok, entzuten zuena ezin sinetsiz, eskuak belarrietara eraman zituen. Biotako bat eskuan geratu zitzaion, isurki berde trinko batean blai eginda. “Eeeeeeeeeeeeeeeeeeeeez!”, oihukatu zuen hortz beltzez eta hortzoi odoleztatuz beteriko ahoa zabalduz.

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak 2011ko maiatzaren batean Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!