Badakit, baina ez dakit nola esan

Euskalerria Irratia 2011ko api. 6a, 08:59

Fermin Erbiti

Hogeita bost gaztetxo gela batean. Irakasleak horietako bati zerbait galdetu, eta hark beste askok bezala erantzun dio: "Bai, badakit, baina ez dakit nola esan".

Adela Cortina katedradunak lehenengo egunean oso artikulu interesgarria argitaratu zuen gai honetaz El País egunkarian "Esaten jakitea" izenburupean. Erantzun hori -"Bai, badakit, baina ez dakit nola esan"- ikasi ez duen idazlearen aitzakia izaten dela zioen. Eta hobe hala bada, lezioa ikasi ez izana txarra izanik, kezkagarriagoa delako bestea: ikasitakoa azaltzen ez jakitea.

Hitz egiten eta idazten jakitea oinarrizko ahalmenak dira, funtsezkoak bizitzan, guztion etorkizuna baldintzatu egiten dutelako. Horrekin ados bagaude, begi bistakoa da ikasgaiak ahalegin askoz handiagoa eskatzen duela etxean, eskolan, eta bakoitzak bere kabuz egin beharreko prestakuntzan. Izan ere, ikasgai hori ez da bakar baten esku utzi beharreko ardura, eta ezta egun batetik bestera beregana daitekeen ahalmena ere.

Gure gaztetxoek hizkuntza asko ikasi behar dituzte, horrekin tematurik bizi gara. Ados, baina, gutxienez, horietako batean lau esaldi jarraian esan eta idazteko gai izan daitezela... eta gehiegi eskatzea ez bada, hizkuntza horietako bat plazer-iturri bihur dezatela, nekez aurkituko baitute afizio erabilgarri eta aberasgarriagorik.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/04/psh04790.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!