Dirua: munduko agintaria

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 31a, 09:06

Fermin Erbiti

Tony Judt britainiarraren "Algo va mal" liburu interesgarriak azpimarratzen duenez, inoiz baino argiago dago zein den munduko agintaria: dirua, presio-talde dirudunak, lobbyak. Haien esanetara makurtzen dira gizartearen alde lan egin beharko luketenak: politikariak.

Asteburuan irakurri dugunez, bankari aberatsenak Zapaterorekin elkartu dira, politika noiz eta nola utzi behar duen esateko... edo agintzeko. Atzo Zalba nafar eurodiputatuaren bideoa ezagutu genuen. Bi kazetari harengana joan ziren, presio talde horietako baten izenean ari zirela esanez, eta dirua eskaini zioten lege bat aldatzeagatik. Elkarrizketan nafarrak gehien erabili zuen hitza Yeahh! izan zen, baietz, alegia.

Kobratu ez zuela esaten ez du ba, orain, batere lotsarik gabe: nola kobratuko du, dena politikari batzuen saldukeria frogatzeko tranpa bazen? Hau dena aski eta sobera litzateke dimisioa emateko, baina horretarako ere duintasun pixka bat erakutsi behar da.

Diruak, tamalez, dena erosten du: politikariak eta baita sindikatuak ere, gaurko prentsan irakurri dugunez.

Adibide hauek guztiak tristeak izanagatik, nik alde ona ikusi nahi nuke. Ahaztua badugu ere, Kazetaritzaren helburu nagusia agintarien gezurra salatzea da. Kazetari britainiarrek, bederen, lan txukuna egin dute.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/psh04752.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!