Independentismo atomikoa

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 24a, 09:31

Lehengo (esklaboen) lepotik buru(nuklearr)a

Arrazoi asko eman daitezke bere aurka, baina uko eginen bagenio munduko ekonomiari kalte handia eginen genioke. Ez gara energia nuklearraz ari baizik eta esklabotzaz. Ilustrazioaren garaietan, esklabotzaren alde argudio ekonomikoak ibili zituzten hainbat ilustratuk. Abolitzen bazen azukrearen prezioak gora eginen zuela eta horren ondorioak birrintzaileak izanen zirela zioten. Hala irakur daiteke Joseba Sarrionandiaren jakinduria entziklopedikoa biltzen duen Moroak gara laino artean? liburuan. Energia nuklearraren aldeko hainbat iritzi emailek ez dirudite horren ilustratuak, baina argudio berbera darabilte: energia nuklearra alboratzeak hondamendia lekarke munduko ekonomiara. Lehengo (esklaboen) lepotik buru(nuklearr)a. Planteamendu ustel berririk ez. Dena dela, sakonean iritzi emaile energia nuklearzaleak zuzen dabiltzala aitortu beharko. Ekonomia da gakoa, sistema ekonomikoa da ezbaian dagoena, produzitzeko, kontsumitzeko, bizitzeko sistema. Japoniako krisi nuklearrak eta krisi ekonomikoak oro har ataka estuan jarri gaituzte, latza baita erabaki behar izatea zer maite dugun gehiago, gure labadora, plater garbigailua, xurgagailua -euskaldun zintzook hala esan behar omen diogu aspiradoreari- telebista, bideoa, musika katea, ordenagailu finkoa, ordenagailu eramangarria, sakelako telefonoa eta gainontzeko tramankulu energia xahutzaile guztiak, ala gure burua.

Garoñako inurri atomikoa

Noiz eta aste honetan jaso dugu Euskalerria Irratiko erredakzioan Garoñako Zentral Nuklerraren Info izeneko aldizkaria. Airplane pelikulako esaldi ezaguna datorkigu gogora: egun txarra hautatu nuen itsasgarria -hala esan behar omen diogu euskaldun zintzook pegamentuari- esnifatzeari uzteko. Egun txarra hautatu nuen zentral nuklearren aldeko aldizkaria banatzeko. Hamasei orrialde koloretan. Ibai, mendi eta haur argazki eder andana: irudi luke Garoña inguruan erradiazioari esker belarra berdeagoa dela, zerua urdinagoa, haurren masailak gorriagoak. Eta titular atomiko mordoa: “Sozialki konprometituriko zentrala”, “Segurtasunaren kultura”, “Garoñarekin jarraitzeko hamar arrazoi”... Argitalpena irakurtzen duten haur guztiek zentral nuklear baten ondora bizitzera joan nahi izan dezaten falta den bakarra, erradiaktibitatearen bitartez super-heroi bilakaturiko pertsonaiaren baten komiki zinta, Spidermanena, edo Inurri Atomikoarena: “Ama, ama, handitan erradioaktibo izan nahi dut!”. Beno, hori, eta Fukushiman istripurik ez gertatzea. Aldizkarian atentzioa eman digun detailetxoa, zentralak lanean segitzearen aldeko arrazoien artean ez direla azaltzen Nucloenorren etekinak. Behin aurreikusitako itxiera data -2011- gaindituta,  funtzionamendu urte bakoitzeko 250 milioi euroko etekina lortzen du. Beste behin ere, txin-txin, txin-txin, atomoaren hotsa. Fukushimakoaren urte berekoa den ea ezaugarri bertsuak dituen Garoñakoa bezalako zentral bat itxita legoke Alemanian zein Frantzian. Haatik, aurrekoan El Rotok zioen bezala, Fukushimako zentralean ez bezala, Espainiako nuklearren aldeko lobbyan, pitzadurarik ez. Euskal abertzaleei maiz egotzi izan zaie XIX mendeko nazionalismo erromantikoan ainguraturik egotea. XXI mendearen hastapenetan, independentismo atomikoa aldarrikatzeko ordua da.

Nork, nori, ufa

Lerrootatik maiz aldarrikatu dugu desobedientzia zibil ez bortitza. Azkenaldian badira arrazoiak horren eraginkortasuna nabarmentzeko: Tunis eta Egiptoko matxinadak. Baina badira, halaber, arrazoiak haren mugak aitortzeko: Libiako gerra. Nolanahi ere, desobedientzia zibilak Gadafiren errepresio militar basatiaren aitzinean porrot egin izanak ez du zertan eraman okupazio militar atzerritarra onestera, haren aitzinean begiak ixtera. Arazoa egiazki bada ezin dela onartu herrialde bateko armadak herritar babesgabeak bonbardatzea, zergatik ez zuten Gazako aire eremua itxi Israelek berun urtua operazio basatia gauzatu zuelarik? Agian, Gazan ez dutelako petroliorik eta Libian aldiz bai, erruz gainera. Beharbada, Gazan bonbardatzailea, Israel, oraindik lagun dutelako eta Libian, aldiz, jada ez dituztelako ez lagun ezta kontrolpean ere, ez bonbardatzailea ezta bonbardatua ere. Eta lagun ohiak oso berritsuak izan daitezke. Adibide bat: aste honetan Sarkozyren hauteskunde kanpaina diruz lagundu zuela eta hori frogatzen duten agiriak badituela esan zuen Gadafik. Frantziako presidenteak ukatu du. Batek daki zeinek dioen egia eta zeinek gezurra. Zer pentsatzen zuen Sarkozyk Gadafiz Libiako matxinadak eztanda egin aurretik, “Putakumea da, baina gure putakumea da” ala “Putakumea naiz, baina bere putakumea naiz”? Nork, nori, ufa. Batek daki. Dakiguna da Frantzia abangoardia izaten ari dela Libiaren okupazioaren aldeko nazioarteko mugimenduetan. Dedio, ze serioa atera zaigun aste honetako idazkia. Barka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!