Fermin Erbiti
Gosea, gerra, era askotako injustiziak eta munduko beste arazo handiak ikusita, hau aldatzerik ez dago izaten da gure kontzientzia lasaitzeko aitzakia. Baikorrenak, ordea, kontrakoan daude: guztiok ahal duguna eginez gero, nahiz eta norbanakoaren ahalegina eta emaitza txikiak izan, horrek fruituak emanen ditu, mundu hobea egiten lagunduko digu.
Badira, dudarik gabe, errotik aldatu beharreko kontu asko. Krisia gora eta behera ari garenez, guztion artean ordaintzen dugun armadaren aurrekontua hutsean uztea litzateke horietako bat. Horrekin etekin bikoitza lortuko genuke: gizarte-gastuetan erabiltzeko dirua aurreztuko genuke eta, gainera, zenbait eta bonba eta tanke gutxiago, hobe munduarentzat.
Baina horrelakoak amesten hasteko, bestelako giroa beharko genuke, sentsibilidade askoz handiagoa gauza ñimiñoetan. Eta militarkeriaz ari garela, adibide bat. Etxekoek ETB 2k ematen duen "El conquistador" saioaz hitz egin zidaten, eta igandean zatitxo ikustea erabaki nuen. Euskal lehiakideak militar nazkagarri baten papera egiten zuen tipo baten esanetara jarri zituzten. Badakit askori hau dena huskeria irudituko zaiola, azkenean programa bat besterik ez da, joku bat. Eta hori da arazoa, gai batzuk ez direla brometarako aproposak: emakumeen aurkako biolentzia edo militarkeria, bi aipatzeagatik.
Audientziak horrelakoak zigortzen ez baditu, bestelako helburuak oso urrun dauden seinale.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/psh04713.mp3]