Kairo bat auzo bakoitzeko

Euskalerria Irratia 2011ko martxoaren 23a

Aitor Etxarte

Egoera ekonomiko gogorrak ez dakit zer erantzun edukiko duen etorkizunean. Askorentzat etxeko bakardadean ordu askotan burua larri sentitzeko aroa izango da. Edo tabernan lagunekin frustrazioen truke etengabea harilkatuko da. Edo familiaren barruan liskarrak ohikoak bihurtuko dira dirua urritzen denean. Edo botikak apalduko ditu tristura eta egonezina mediku-droga-saltzailearen laguntzaz. Edo kalea hartu eta hiria sutan izango dugu. Kairo bat auzo bakoitzeko.

Walter Benjaminek esaten zuen historiaren denbora homogeneoan borroka  mozketa dela, bertan gure aurreko zapalduekin bat egiten dugula eta ez ondorengo askeekin. Aldaketarako programa politikoek etorkizuna marrazten dute, baina matxinadarako indarra aurretik pilatu diren min, laido eta zapalkuntzetatik dator

Aldo Rossi arkitekto ezagunak idatzi du: hiria bertakoen memoria kolektiboa dela eta, edozein memoria lez, objektu eta tokietara lotua dela. Hiria memoriaren gunea da.

Eric Hobsbawm historialariak gogoratzen digu Parisen barrikadak toki berean jarri direla ia gatazkak izan diren guztietan. 1830ean eta 1848ko matxinadetan, 1871ko Komunarekin, 1944an nazien kontra eta 1968ko maiatzean, adibidez.

Iruñean hiria haserre denean beti toki ezagunetan erretzen da, beti memoria kolektiboak kale ezagunetara darama sua eta gatazka: alde zaharrera. Oihuek eta harriek, poliziek eta langileek txoko historikoetan egiten dute talka.

Fidelitate historikoa da. Kairon eta Iruñean.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/psh04704.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!