Iritzia: Isiltasuna

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 17a, 18:09

Angel Erro

Kendu erretorika,

marketina eta mistika

eta hau da gelditzen dena,

zarata horrek guztia isiltzen duen musika.

 

Bideoklip-Manifestua, La Betty Travan

Isiltasunaz hitz egin nahi dut, paradoxa gorabehera. Irratian batez ere, topikoa da baina hala da, ezin dela isilunerik egon. Izan ere, orain denbora gutxi ekimen bitxi bat abian jarri zen. Billy Bragg kantautore ezkertiarrak, Britainia Handiko beste 39 musikariekin batera, John Cageren 4’33’’ izeneko pieza grabatu du, irratietako musika zerrenda guztien goiko postuetara eramateko asmoarekin (printzipioz musikari askoren helburua izaten da hori). Bitxikeria hemen, John Cageren obra hau ezagutzen ez duenarentzat, da delako pieza musikal hori, 4’33’’, musika klasikoaren arloan egina, edozein musika tresnarako, bakarlari zein musika taldearentzat, gauza bakarra zehaztean delarik: lau minutuz eta hogeita hamahiru segundoz erabateko isiltasuna gorde behar dutela interpreteek. Beraz, top ten-etara eramatea lortuko balute, irrati askok ematen diguten txaplasta musikala tartetxo batez gelditzea lortuko lukete, eta merkatalguneetan ere tarteka programatuko balute ez ginen erotu beharrean ibili beharko. Ez dakit egitasmoa nola doakien. Baina ez da hain burugabea. Baten bati gezurra irudi ahal bazaio ere, John Cage-ren isilezko pieza hau maiz grabatua izan da. Spotify-n grabazio ezberdin asko daude. Oraintxe bertan, entzuleren bat ohartuko zenez, fondo moduan jarrita daukat haietako bat. Aretoaren giro-soinua da jasotzen dena, eta, kasu honetan bezala, jendaurrean jotzen denean, baita publikoaren arnasa eta tarteka eztulak ere.

Spotifyrik ez daukanak Youtubeko bideoetara jotzea dauka, piezaren interpretazio ezberdinak topatu ahal izateko. Batzuk pianorako dira (esaterako, hau), 4 minutuz eta 33 segundoz pianista batek piano baten aurrean eta partitura irekita isiltasuna interpretatzen du; isilaldiak notazio musikala daukanez, musikaria benetan ari da isiltasuna neurtzen eta jotzen, hortik, omen, grazia, piezaren hiru atalak –arras ezberdinak– amaitu arte. Ikusgarrienak orkestrarako bertsioak dira, noski, (iaz Donostiako Musika-Hamabostaldian Laboari egin zitzaion omenaldian, 4'33'' pieza jo zuten Laboaren ohiko musikariek).

Dena den, Youtubera sartuz gero, musika entzun ondoren edo bitartean, hoberena jendearen komentarioak irakurtzea da. Asko ikasi ohi da, musikari buruz, hala eginda. Niri batzuek, aitortu behar dut, grazia egiten didate, eta horregatik nahi ditut hona ekarri. Bildumatxoa eginda.

a)     Norbaitek badaki non lortu daiteke honen partitura. Nire lagunak harritu nahiko nituzke.

b)    Kaka zaharra. Nik konpasatu nuen hau aspaldian. Egile eskubideak nahi ditut. 1951ean izan zen. John Cageren aldameneko auzokidea nintzen. Froga dezaket. Berak entzun zidan jotzen eta plagiatu zidan.

c)     Kaka zaharra. Ezin dut kanta hau entzuteari utzi. Noan toki guztietan jartzen dute. Joder.

d)    1:28 minutuan goxoa da. Molatzen du.

e)     Nire MP3an nahi dut.

f)      Kolosala. Nire amonaren hiletan jo zuten. Hori errespetu falta. Nik orkestrarako bertsioa nahiago, zirraragarriagoa da. Zer tonalitatetan dago?

g)    Puzker bat bota nuen.

h)    Erdialdeko akats arina salbu, interpretazio bikaina.

i)       Atzotik nabil kanta hau burutik ezin atera. Nazka.

j)       Hirugarren mugimendua oso boteretsu eta hunkigarria iruditzen zait.

k)    Mugikorraren politono moduan nahi dut musika hau!

l)       Norbaitek ba al daki pieza hau violarako ere egokitua ote dagoen?

m) Nire parte faboritoa 2:30ko klimaxa da, tronpetak sartzen ez direnean.

n)    Tempoa gutxi gorabehera zuzena dirudi, baina Horowitz-en interpretazioa ikusi nahiko nuke.

  • o)    Emadak estasi-pilula bat eta ero moduan dantzatuko diat.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/erro-martxoa.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!