Politikarien ateraldiak

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 16a, 21:00

Fermin Erbiti

Negu amaierako egun euritsu honetan begi bistakoak dira datorrenaren zantzuak: zuhaitzak loretan, eguna arratsaldean barna luzatzen eta ikasleak zein irakasleak kurtsoko azken hiruhilekoari aurre egiteko prest: udaberria hurbil dagoen seinale. Baina ikasleak ez ezik, politikariak ere horrela dabiltza, udaberriko azterketa garrantzitsua prestatzen, biztanleriari nota ona merezi dutela sinistarazi nahian.

Eta zeregin horretan ari direlarik, xelebreak dira batzuen ateraldiak. Hor dituzue, esaterako, UPNko gazteak, soldadutzaren aurkako borrokan aitzindari izan zirela azpimarratuz. Edo haien adiskide PPkoek proposaturikoa: gure hirian bandera espainiar gutxi dagoela iritzita, Madrilgo Colon plazan dagoen bandera erraldoia bezalakoa jarri nahi dute. Non? Conde Rodezno plazan, noski.Hautagai sozialisten ateraldiak ere xelebreak dira: hauteskundeak irabaziko dituztelakoan daude, kolore bakarreko gobernua egitea dute xede. Txiste ona, Nabaiko batzuek esandakoa bezain parregarria: azken hauek indartsuagoak izanen omen dira lau alderdietatik bik koalizioa utzi ondoren.

Tira, adibide batzuk besterik ez dira, kanpainia hasi aurretik eginiko adierazpenetatik harturik. Politikariei eskertu behar zaie ongi pasatzeko aukera ematea, krisi garai honetan parre egitea ez baita,  inondik ere, gutxienekoa.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/psh04670.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!