Ez dio inork begiratzen argazkilariaren makinari

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 16a, 17:34

Elixabete Garmendia

Argazkiak bertan sarrarazten zaitu. Ilaran zaude, txintxo txintxo; badituzu aurretik ama gazte bat umea besotan duela, beste lau bat mutil, agure bat… batzuek ahoa maskaz estalita daramate, erradiazioa neurtzen dabiltzanek bezala. Hauetako batzuek buzo zuri futuristetan gordeta, film beldurgarri bateko pertsonaiak dirudite, aingeru zintzoak ala deabruak?

Txanda iristen zaizun bitartean, jakin mina. Zer ikusiko ote du erradiazioa neurtzeko makinak? Zure aurreko mutila, esango diotenarekin fidatuko ez balitz bezala, pantailatxoari begira dago baezpada, neurtzailearen alboan. Ez dio inork begiratzen argazkilariaren makinari, inork ez, amaren besoetan dagoen haurrak bakarrik. Izan ere, norberaren baitan sartuta daude –gaude- guztiok. Eta burutik pasatzen zaizu hedabideetako izenburua: katastroferik handiena Bigarren Mundu Gerraz geroztik.

Ez duzu sartu nahi, ordea, aurrekoei entzundakotik bakarrik ezagutzen duzun hondamendi hartan, bonba nuklearrek suntsitu zituzten Hiroshima eta Nagasakiko biztanleen azalean. Nahikoa duzu oraingoarekin. Bizirik atera zara lurraren erraien leherketatik, ez zaitu harrapatu tsunamiak. Orain, ea zer dioen erradiazioa neurtzeko makinak. Eta menderatuko ote dituzte irakiten dauden zentralak?

Eskua eskuari lotuta, aurpegia lasai itxuran, txanda iritsi zain zauden bitartean, izuaren tekla guztiak ukitu dituzte barruko hatzek. Eta agian hasi zara pentsatzen naturaren madarikazioari ihes egin arren, ezin izango duzula saihestu zibilizazioarena.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/psh04672.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!