Malkorik gabe

Euskalerria Irratia 2011ko martxoaren 15a

Josi Basterretxea

Manta bat lepotik jarrita eta etxeko zapatilak lokatz artean, halaxe ikusten dut gaurko argazkiko protagonista. Harritu aurpegia du. Japoniako neskatila bat da, argazki oinak ez du azaltzen nor den. Bere inguruan diren bizpahiru auto-hondakin, etxeko altzari deuseztu eta arbola eraitsiari dago begira.

Ikusten duenak baino ikusten ez duenak arduratzen nau. Izan ere, lurrikararen arrakalak eta tsunamiaren ondorio zuzenak begi bistakoak dira.

Baina, neskato horrek ez du ikusten isuri nuklearra. Ez baita hautemangarria. Halere, hor dago egon. Sua eta kea hor daude, eta ikusgarriak dira. Isuria hor dago, eta ez da ikusten. Malkorik ez du argazkiko neskatxak begietan. Malko-guruina  ihartu zaio agian. Ezin jakin.

Txernobil osteko isuri nuklearrik handiena ei da Japoniako lurrikarak sortu duena. Etxe ondoan daukagu eztanda egin duen erreaktorearen moduko bat Garoñan. Iruñatik ehun eta berrogeita hamar kilometrora. Bilbotik laurogeita hamarrera. Ez nituzke ikusi nahi gure gazteen begiak malkorik gabe.[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/psh04661.mp3]

deskargatu

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!