Iñaki Irisarri
Iruñean eta, oro har, Nafarroan badakigu zer den euria, ezta? Mota guztietakoa, gainera, xirimiri, langarra, barra-barra egitea, sekulako erauntsiak...
Eta euria egiten duenean, eguraldi kaskarra egiten duela esaten dugu gehien-gehienetan. Sinonimoak dira, euria eta eguraldi kaskarra. Eta kalean xirak eta guardasolak ikustea eta aurpegi goibelak eta tristura puntu bat ikustea dena bat da. Izan ere, guretako alaitasuna eta euria, nonbait, ez dira bateragarriak.
Horretarako, ez dago eguzkia bezalakorik; hori bai dela eguraldi onaren eta alaitasunaren ikurra, berrogeita lau gradu eginda ere. Bero sapa itogarria egitea ere berdin da, denak alai eta kontent, etxetik atera ahal izan gabe telebistako saio freskagarriak ikusten.
Aizue, nik uste bidegabe jokatzen dugula euriarekin; azken batean, laster loratzen ikusiko ditugun lili eder horiek guztiak ez dira bakarrik eguzkiaren lana, ezta? Euriak ere bere lana egin du horretan. Bai, bai, gizakioi kosta egiten zaigu begi-bistakoaren azpian dagoena ikustea. Loreak eguzkiaren argiarekin batera ernatzen ikusten ditugu, eta ez gara haratago joaten; ez dugu hausnarketa sakonago bat egiten ohartzeko loreak eta zelai berdeak eguzkiaren eta euriaren elkarlanaren ondorio direla. Beti azalekoak gu, mamira iritsi gabe.
Ba gora euria aizue! Asko eta asko zor diogu. Munduko basamortuak hor dituzue, esaten ari naizenaren froga gisa.
Eta honaino nire aldarrikapen txikia, akaso azaldu behar dut apirileko semea naizela, eta sortu nintzen egunean gogotik bota omen zuela. Hurrena arte, lagunok!
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/03/irisarri-euria.mp3]