Alliot-Marie

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 28a, 20:46

Josi Basterretxea

Argazki bat eta  bi titular, horiek jo ditut begiz goizean. Argazkian ikusten dut Michéle Alliot-Marie, Frantziako Kanpo Arazoetarako ministroa atzora arte. Titularretan, honako bi hauek irakurri ditut: Haizearen Indarra, bata; bestea, Izua Ontzian.

Ben Ali Tunisiako mandatari ohiarekiko harremanak direla-eta eman du dimisioa Michéle Alliot-Mariek. Munduko emakume boteretsuen artean, hamaikagarren postuan ezarria zuen Forbes aldizkariak. Errebolta arabiarraren haizeak bota du kargutik.

Kanpo-arazoetarako  ministerioko ardurak utzi ditu bart Alliot-Mariek. Lehenago beste batzuk izan zituen: Justizia, Barne-saila, Gazteria eta kirola… Horiek guztiak, Eliseoko ontzian.

Euskal Herrian ere izan ditu bere ardura politikoak: Ziburun eta Biarritzen zinegotzia izana da; Donibane Lohitzunen, alkate. Argazkian ikusten dut Alliot-Marie, beti bezain dotore. Beti gustatu izan zaizkit ministro-ohiaren arrakadak, belarritakoak.

Pentsatu dut zenbat egin duen politikari horrek Frantziaren eta Frantziako eskuinaren alde. Eta zer gutxi egin duen Euskal Herriaren alde, euskal departamentuaren alde, euskararen alde. Agian, hurrengo erreenkarnazio politikoan egingo du Zibururen alde, Biarritzen alde, Lohitzunen alde… euskaldunen alde.

Agian. Hala bedi.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/03/joxi-basterretxea-ots28.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!