Iritzia: hegazkinak

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 24a, 19:06

Patxi Zubizarreta

HEGAZKINAK ETA HAIEK

XIX.  mende hasieran, Isarriko apaizak sarritan esaten omen zuen munduaren  
akabera noiznahi gerta zitekeela eta, kasu, bekatutik urrun ibiltzeko.  
Esan ere esaten omen zuen nolakoa izango zen egun beldurgarri hura: ‘Senideok, egun horretan zerua bat-batean hodei beltzez estaliko da  
eta ilunpetan geratuko, eta une horretan, tronpeta hotsen artean,  
Jainkoa hodeien artetik jaitsiko da.

Besoak zabal-zabalik ekarriko  
ditu zintzoak eta otzanak besarkatzeko, eta horiek denak eskuinaldean  
bilduko ditu; baina, ai bekatari gaixto gaixoak, horiek denak  ezkerraldean bilduko baititu, gero infernuko garretan kiskaltzeko’.

Hala bada, ekaitzaren beldur isarritarrak belarra presaka biltzen ari ziren udako egun batez, zerua braustakoan ilundu, eta dardarizoka hasi zen, eta halako batean izaki distiratsu batek hodeiak burrunbaka urratzen zituela ikusi zuten, eta ai ene!,  
apaizak esan bezala izaki hark besoak zabal-zabalik zekartzan…

Beldurrak airean, aitaren semearen eginez, denak etxeetara  lasterka joan, eta han ezkutatu ziren, zela sotoan, zela kutxetan,  edonon. Burrunbada izugarri hura beren buruen gainetik zalapartaka  
entzutean, kla-kla-kla, elkarri barkamena eskatzen eta otoitz egiten  hasi ziren, aitagure eta agurmariaka, eta hala jarraitu zuten aurrena  apur batean, hurrena puska batean eta hurrenago denbora luzean. Baina  
ezer gertatzen ez, ezer gehiago entzuten ez, eta ausartenak leihoetara inguratzen hasi zirelarik, gauzak lehen bezalatsu zeudela  ohartu ziren, eta etxetik etxera honela hasi omen ziren galdezka:  ‘Ongi al zarete? Norbait hil al da zuenean? Ez al da inor falta?’. Eta abarren abarra. Munduaren akabera zirudien hura Londresetik Madrilera egindako lehen hegaldia baino ez zen, Peter Livingston delako batek burutu zuen balentria entzutetsua. Baina Isarrin artean hegazkinik ezagutu ez…

Patxi Zubizarreta, Biolin bat Maribeltxarentzat

HEGAZKINAK ETA GU

Utopiaren utopian

Lainoetan jaio omen zen Aingeru Hegazti. Lainoetan zehar azkar zihoan abioi baten sabelean. Eta abioian bertan egin omen zituen lehenbiziko ametsak ere: Abiadorea zen, Sondikako aireportutik mundu guztiko eta ilargiko aireportuetara joaten zen abiadore ospetsua. Abiadore, astronauta, kosmonauta…

Gurasoek jostailu denda bat zuten, eta han egoten zen Aingeru ere haiei laguntzen. Baina abiadore izan nahi zuen, abiadore. Eta esan eta esan, hegazkintzako ikasketak egitera bidali zuten azkenean bere gurasoek.

Abioien burrunbada eta abiada zituelarik beti buruan, paperezko abioitxoak egiten hasi zen klaseetan. Eta paperezko abioitxoak egiten eman zituen klaserik gehienak. Eta paperezko abioitxoen abiadore egin zen.

Gaur Forondako aireportuko dendatxo batean dago paperezko eta plastikozko abioitxoak saltzen.

Mikel Zarate, Utopiaren utopian

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/zubizarreta-hegazkinak.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!