Josi Basterretxea
Arabiar herrietako matxinadak. Horiexek hartu ditut gaur goizean gogoan. Irudi asko eta asko ari dira argitaratzen egunkariak egunotan. Telebistak ere hor dabiltza, irudien garraio etengabean.
Bada, horien artean, batek eman dit atentzioa. Marokora ere heldu dira protestak, jakina denez. Eta Marokoko kale-agerraldi eta bilkura horietan, arabieraz, frantsesez eta ingelesez idatzitako pankartak eta testuak erakutsi dituzte manifestariek.
Horraino, arrunta. Baina, batere arrunta iruditu ez zaidana izan da gazte batek zeraman erretratua. Bere buruaren gainean paraturik, beso biak gora eta gora, hara non erakutsi duen Marokoko gazte horrek Txe Guevara iraultzaile amerikarraren argazkia.
Ikonoaren indarraz jabetu naiz. Ez bainuen egiten arabiarren protestaldietan. Argentinan jaioa, Kubako Iraultzan borrokatua eta Bolibian tiroz hila… internazionalismoaren eta elkartasunaren ikurra.
Eta, hara non agertu den Marokon haren irudia…
Marokon Gobernu berria eskatzen ari diren horiek, eskatuko al dute politika-eredu berririk Marokoko auzokide den Sahararentzat? Alegia, buka dadila okupazioa? Buka dadila militarren sarraskia? …internazionalismoa eta elkartasuna…
Hala bedi.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/joxi-basterretxea-ots-21.mp3]