Tarik

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 22a, 09:20

Aitor Etxarte

Tarik Ali Iruñean izan genuen asteazkenean.

Gutxitan dugu distira handiko intelektualen bisita. Gogoratu zuen Europa ez dela planetaren hasiera eta bukaera; egun Afrikan edo Asian gertatzen diren matxinadak ulertzeko aurreiritzi eta taburekin bukatzeko premia dugula. Lehen munduaz genekiena irakurria zen, neurri handi batean. Aberatsak garenetik bidaiak dira jakintza iturria. Bertan ikusitakoak balio erantsia du, froga ukaezina da, autoritateko argumentua.

Horregatik uda edo oporraldien bukaeran bereizten ditugu turista nagiak eta kultuak. Turista nagia beste askoren esamesen bazka izaten da. Zarautz, Salou edo Lanzarotetik etorri berria da. Turismo azkarra, merkea, erraza egiten du: eguzkia eta itsasoa.

Neoturista bitartean, neurri guztiak hartu zituen berea berezia egiteko: abentura, muturreko kirolak, kultura exotikoa, aparteko tokiak. Beti ere, ezohikoa den zerbait, esklusiboa, ekologikoa, benetakoa eta besteentzat eredugarria.

Guztiek ondasun materialak eta ezmaterialak merkantzia egiten dute, dena komertzioa dela erakutsiz. Dirua dagoen bitartean, piramideak, basamortua, hondartzak, tokiko ohiturak, atsegintasuna, ura edo besteen gorputzak erosi eta erabiltzeko gaitasuna dago. Guztiek turismo suntsikorrean parte hartuz.

Marianna Williamsek esana du: Turismoa, oinarrian, jarduera fantasia zalea da, bizi nahi dugun hori burbuila garbi eta seguruan jartzeko gaitasuna dauka.

Kapitalismoaren oinarrian esplotazioa eta menpekotasuna dago eta horretarako gure atxikimendua behar du. Turismoa ez da jarduera inozentea, gure burua eta besteena mozorrotzen badugu ere, gure bidaiez arinkeriaz hitz egiten badugu ere.

Ez zen hori Tarik Ali ekarri zigun Egipto edo Tunisia.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/etxarte-ots-21.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!