Iritzia: Polemikazalea

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 21a, 20:03

Anuska

Nire laguna ez duzue ezagutuko baina ziur nago bera bezalakoren bat duzuela inguruan, gaur komentatuko dizuedan alderdi konkretu bati dagokionean, behintzat. Ezaugarri hau duen bat baino gehiago ezagutu dut. Lagun onak denak, eta azkarrak, baina puntu madarikatu honen jabeak.

Ikus dezagun bada gaurko kasu konkretu eta praktikoa: Juanjo izena du eta polemikazalea da.

Aspaldidanik ezagutzen dut Juanjo, garrantzirik gabeko ikastaro batean ezagutu nuenetik. Berehala konektatu genuen: ikastaro horren asperdura eramaten elkarri laguntzen genion umore maltzur eta ironiko berberaz. Eta geroztik lagun handiak egin gara, umorea, gure artekoaren osagai inportantea izan dugularik. Hasieran, hasiera guztietan bezala, eta biok nahiko makurrak izanda ere, ez genuen eztabaidatzen, ez gehiegi, baina urteak aurrera joan ahala, konfidantza hartu dugun neurrian, bere kontra egiteko joera hau gero eta nabarmenagoa egin da.

Berdin da zeri buruz ari garen. Ni lasai asko nago zerbait komentatzen eta gutxien espero dudanean, horra bestea, kontra egiten. Nire arrazoiak ematen ditut, (beharrezko ez direla jakinda ere, beti erortzen naiz) berak ulertuko duelakoan, baina kontua ez da ulertzen duen edo ez, kontua da bera borrokatzeko gogoz dagoela. Barruan duen estratega azaleratu da eta gogor egiten du: zuk esandakoa zure kontra erabilia izan daiteke. Minutu gutxiren buruan inora ez doan eztabaida amaiezinean leporaino sartuta zaude; jada ez dakizu zer azaldu nahi zenuen, inporta zaizun gauza bakarra amaitzea da, baina aurrean duzunak ez dizu uzten: bere jokoa bukatuko da bertan..!

Arrazoia emateak ere ez du balio, berak zintzotasuna eskatzen dizu, ay demonio, eta zer da benetan pentsatzen zenuena? Jada ahaztuta zaude. Amorratzen nau benetan. Nire ustez nekearen eragina da. Nire energiak beste zerbaitetarako nahi nituen, ez lehendik uste nuena berdin berdin sinisten jarraitzeko. Eta ez esan horrek auto baieztapenerako laguntza denik... ez, nik ez dut baieztapenik behar eta beharko banu beste mila modu askoz ere eraginkorragoak ezagutzen ditut, hitza ematen dut.

Eztabaida osasuntsua delako argumentua ere badakit, eta egia da kasu batzuetan, baina Juanjo eta bera bezalako pertsonekin izandako esperientziak kasuak bereizten irakatsi dit, eta badira eztabaida baliogarriak eta alferrak. Azken hauek identifikatzeko saiatu galdera hauek erantzuten:

-aurrean duzuna polemikazalea da? Hori jakiteko kontuan izan zurekin eta lagunartean duen jarrera. Ohikoa du kontra egitea? Batzuetan pertsona jakin batzuekin bakarrik bilatzen dute polemika polemikazaleak. Horietako bat bazara, zorionak: zure adimena balioesten du, baina ez gehiegi harrotu, azkenean berea handiagoa dela frogatu beharrean dago.

-Bigarren galdera eta inportanteena: zurekin enpatizatzen du edo zure hitzetan gelditzen da? Sentimenduak albo batera uzten baditu, jokatzen ari da eta arauak hitzetara mugatzen dira. Ez kontutan hartu, eta amorratzen hasten bazara, moztu lehenbaitlehen eta zoaz beste zerbait egitera.

Jokatu nahi ez baduzu behintzat: zu ere polemikazalea bazara, amaigabeko denborapasa aurkitu duzu, adimenarako bideojokoak baino askoz ere hobea.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/anuska-juanjo.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!