Nafarroa “Epaña” da

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 16a, 12:40

Fermin Erbiti

Ekonomian aditu omen diren guztiak bat datoz: irakaskuntza eta ikerketa dira inbertsio hoberenak, horixe da etorkizuna.  Etorkizunaz ari garela, ohar bat: lehentasuna zeri eman erabakitzen duten politikari gehienentzat mundua hurrengo hauteskundeeetan amaitzen da. Beraz, hemengo agintariek nekez bultzatuko dute lau urtetik gorako epea eskatzen duen inbertsiorik, eta talde horretakoak dira irakaskuntza eta ikerketa.

Alde horretatik, arrazoi eman behar zaie: botu-eske dabilenarentzat porlana da inbertsio hoberena, inaugurazio-ekitaldi eta argazkiak ziurtatzen dituelako. Horren ondorioetakoa zein den badakigu: ikerketa oso garrantzitsua omen da, baina horretan aritu nahi duten gehienek alde egin behar izaten dute.

Eskerrak beste arlo batzutan hobeki gabiltzala: futbolean, esaterako.

Horretan ere aditu guztiak bat datoz: Camacho kanporatu berriak oso lan kaskarra egin du. Hemengo jokalari gazteei ez die kasurik egin, eta kanpotik ekarri dituen gehienak oso txarrak dira. Pikutara bidali omen du Osasunaren espiritua, eta jaitsiera postuetan utzi du taldea. Lana hain txukun egiteagatik kobratu duen dirutzarekin hil arte bizi liteke, baina lanean segiko du, azkar aurkituko baitu beste horrenbeste ordaintzeko prest dagoenik.

Aitor dezagun, horretan behintzat, edo horretan ere, Nafarroa “Epaña” dela.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/fermin-erbiti-ots-15.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!