Umorea da bide bakarra

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 14a, 13:59

Egun historikoa

Hainbatetan txisteak egin ditugu, azkenaldian horren maiz bizi ditugun egun historikoen egiazko historikotasunaz. Argi gera bedi: iragan astelehena benetako EGUN HISTORIKOA iruditu zitzaigun, hala, hizki larriz idatzirik. Indarkeria oro, The Organization-ena barne, errefusatuz, Rufi Etxeberriak eta Iñigo Iruinek mugarri historikoa ezarri zutelakoan gaude, atzerabideari zirrikiturik uzten ez diona. Batzuen eta batez ere bestetzuen balorazioetan nabari da. Sorturen legeztatzea “albiste ona” litzatekeela esan du euskalautonomiaerkidegotarren lehendakari Patxi Lopezek. “Itxaropen zeruertza” zabaltzen ari dela gaineratu du PPko Iñaki Oiartzabalek. Jarrerarik itxiena, Miguel Sanz diputazio-buru nafarrak erakutsi du: “Sortu alderdian ez dago deus berririk”. Halaxe mintzatu da, errealitateari muzin eginez, beti bezain txolin. Zertaz ari ginen jabeturik, ohi baino luzeago baina beti bezain sakon mintzatu zaigu Txikiteroa. “Adierazpenok ez dira diruditen bezain hutsalak. Hainbat adituk diote Alderdien Legea zorrozki betetzen duela Sortuk, eta horren bitartez ezinen dutela legez kanporatu. Sanz legez kanporatzeko bide berria zabaltzen ari liteke. Sortun deus berririk ez dagoela dioelarik, esaten ari dena da Sortukoek haien estatutuak eta diskurtsoa kopiatu egin dituztela. Konparaziora, Aralarrenak kopiatu dituztela esan lezakete. Eta internetetik jaitsi dituztela. Eta ez dutela egile eskubiderik ordaindu. Horrek guztiak bidea zabalduko luke Sortu Sinde Legearen bitartez legez kanporatzeko. Kasu!”.

Enbor

Sorturen logoak zer pentsa eman digu. Lehenik eta behin, oso txarra dela pentsatu dugu: kolore indargeak, elementuen arteko proportzio ezegokia, dena. Gosea baretzeko hartzen diren arroz opil erdi ekologiko horietako baten marka ematen du. Sortu, ¡euskal arroz opila! ¡Asetasun sentsazioa sortzeko modu biribila! Gero, horren txarra izatearen zergatiak argitzen ahalegindu gara. Bi hipotesi bururatu zaizkigu. Ezkor jarrita, pentsa liteke logoa diseinatzen ez dutela neke gehiagorik hartu legez kanpo utziko dituztela uste dutelako. Gazteleraz obsolescencia programada deitzen diote bizi gaituen sistema kontsumistako oinarria den diseinatzeko modu horri, gauzak berehala zahar gera daitezen, huts egin dezaten diseinatzeko molde horri. Beraz, diseinu politikoko programaturiko zaharkitze saio baten aurrean izan gintezke. HB, EH, Batasuna, AuB, HZ, Aukera Guztiak, EHAK, ASB, AS, EAE-ANV eta D3M markentzat oso diseinu onak egin zituzten, baina horietako gehien-gehienek oso gutxi iraun zuten. Akaso horrenbeste saiatzea ez duela merezi erabaki dute. Baina, baikor jarrita, pentsa liteke logo zabarra legalizaziorako bidean lagungarri izanen dela. Izan ere, esan bezala, aipatu marka horien guztien logoak oso onak ziren, eta Sorturen logo zabarrak lagun dezake ikusarazten aurreko marka horiekiko inolako loturarik ez dagoela, ezta diseinuari doakionez ere. Gainera, itxura guztien arabera ibili zuten inspirazio iturria ibilita, logoa okerragoa izan zitekeen. “Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak” estrofan alderdi baten izen moduan balio dezakeen beste hitz bakarra, enbor. Ez dugu pentsatu ere egin nahi zer logo eginen zuten Enbor alderdiarentzat. Edo bai...

Umorea da bide bakarra

Amaitzeko, ohitura zaharrei jarraiki, tutti-fruttia, baina dena Sorturen ingurukoa, astelehenekoa bezalako egun historiko batek monografikoa merezi du eta. Bat: umorea da bide bakarra. Gero eta argiago geratzen ari da hori, bereziki Sortu aurkeztu zutenetik. Twitterren batasunarequisitos etiketa sortu dute. Gazteleraz zein euskaraz, legeztatzeko zientoka baldintza umoretsu sortu dituzte tuiterlariek. Euskarazkoak, umap-en aurki daitezke. Guri tuit-ik barregarri, esanguratsu eta krudelenetakoa Luistxo Ferndadezen hau iruditu zaigu: “Sortun indarkeria kondenatzen ez dutenak, Aralarrera espultsatuko dituzte, gehiago fastidiatzeko”. Umore erraza ere gustatzen zaigu. Grazia egin digun beste mezu apokrifo bat (askotan birtuiteatu dutenez ezin jakin zein den jatorrizko egilea), “Cine de Barrio jar dezatela ETBn”. Ona. Bi: gorbata da bide bakarra. Sorturen iraganarekiko haustura estetikoa ez da logora mugatu. Akabo Otegiren punta formako lepodun jertseak. Iñaki Zabaletaren trajearen garaia da. Gorbata eta guzti azaldu zen kazetarien aurrera EHUko irakasle leitzarra Sortuko eledun lanak egitera, alderdiaren lehen agerraldian. Bere garaian, Otegiren jertseak modan jarri ziren. Aurki marradun kamisetaren gainetik eta goretexaren azpitik gorbata jantzita ikusiko al ditugu Herriko Tabernetako gazteak? Astorek forro polarreko gorbata linea sortuko al du? Hiru: Iñaki Zabaletarekin segituko dugu; izan ere, Vocento Taldeko egunkariek 1979an HBko hautagai izan zela argitaratu dute, hura Sortu legez kanporatzeko aski arrazoia izan daitekeela iradokiz. Jite horretako irizpideak aplikatuz gero, legez kanpo utziko ez duten alderdi bakarra, Karma Demokratikoarena, gainontzeko guztietan badira-eta garaiotan talde armatuetan ibilitakoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!