Ongi etorri

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 10a, 08:49

Aingeru Epaltza

Denok ezagutzen dugu ostatutzarreko gudariren bat. Badakizue, barratik aldendu gabe borroka armatuaren onurak azken-azkeneraino aldarrikatzen ibili diren morroi bipilen espezietakoa. Halako bati baino gehiagori ez zaio oraindik susto aurpegia kendu lehengo astelehenean Rufi Etxeberriari adituta.

Iraultza baldin bada azpia gainera ekartzea, beltza zena zuri bilakatzea, gerlaria hippy bihurtzea, inoiz baino iraultzaileago dabil ezker abertzalea. Hiru egunez hedabide guztietako leku printzipala irabazi ondoan, toki xumeagoetara etorri da gaur Otegiren neska-mutikoen azken zilipurdia. Bertze gauza anitzez landa, horixe ere bada Sortu-ren sorrera: marketing operazio erraldoi bat, bazter eta zoko guztietan hizpide bilakatzeko diseinatua.

Hori ederki atera zaio Batasuna ohiari. Orain, zailena gelditzen zaio: epaile espainiarrak konbentzitzea beren bihurtze bakezale eta demokratikoa egiazkoa dela. Ikuskizun dago lortuko duen, baina lortu badute beren kideetariko batzuk bide berrira ekartzea, ez dagoela deus ezinezkorik erakutsiko dute berriz. Ongi etorri errealitatera.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/aingeru-epal-ots-9.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!