Elixabete Garmendia
Euskaldunako egur koloreak tindatu ditu atzoko irudiak. Ez burdinarik, ez altzairurik, ez harririk. Egur kolore horiztan bilduta datoz, hitzaldien bitarteko aurpegi serioak, eta ondorengo agur eta solasetako musu irribarretsuak.
Ez zeuden egon behar zuten guztiak, edo egotea nahi genukeen guztiak, baina zeudenak nor ziren halako aldarrikapenaren lekuko izateko.
“Historikoa” adjektiboa ez da oraingoan barra-barra agertu. Baina bai, genioen atzo arratsaldean lankideok, geure buruak konbentzitu nahian bezala, “hau historiara pasatuko den eguna da, ezta?”.
Ez dakit nonbaiten kanpai-bueltarik egingo zen, edo suziririk botako ote zen zerurantz. Nik behintzat ez nuen halakorik entzun edo ikusi, eta ez dago halako albisterik inon. Luzamenduaren errua, behin baino gehiagotan zapuztutako itxaropen eta poz izpien hondarra.
Hitz bat plazaratu zuten atzokoan: “elkarkeria”. Sarasolaren Euskal Hiztegiak honela definitzen du: “elkartasun makurra”.
Atzokoa definitzeko, hauxe izan daiteke modu bat: bizikidetzari dagozkion –tasun eta –keriak bereizteko, lerro sendoa marraztu zen eguna. Zurezko aretoan, berunik eta bolborarik gabe.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/elixabete-garmendia-ots-8.mp3]