Agur esaten diegu

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 8a, 19:30

Aitor Etxarte

Agur esaten diegu sortzaile, ameslari, ikertzaile edo kritiko direnei. Agur gazte direnean. Agur urrutira doazelako. Agur hemen ez dutelako bizitzerik.

Nafarroan lan aukerak autogintzan, hipermerkatuetan edo sekta erlijiosoen negozioetan dira. Probintzia honek erakundeetan klientelismoa eta endogamia sortu ditu. Euskadirekiko den amildegiak harreman traumatikoak sustatzen ditu eta ez kulturan bakarrik.

Bertako komunitate euskaldun edo eta ezkertiarra eremu publikoan lurperatua dago. Eta bitartean azken 50 urte hauetan etengabea izan da atzerritik elite ekonomiko eta sozial berriaren kolonizazio prozesua, aurretik zegoen propietario handien elitearekin bat eginez. Itogarria.

1907. abenduko goiz batean Vienako Westbahnhof geltokian Schoenberg, Anton von  Webern, Gustav Klimt eta berrehun lagun inguru elkartu ziren Gustav Mahlerri adio esatera. Vienako Operako zuzendaritza utzi eta New Yorkera zihoan. Trena bistatik galdu ondoren Klimtek guztion buruan bueltaka zebilena esan zuen: Bukatu da.

Beste askok ere Viena utzi zuten tren ezberdinetan, bukaerako geltoki ezberdinetara joanez. Urte ilunen aro baten hasiera izan zen.

Gogoz kontra, etsipenez, ezinbestez ere, gure gazte asko eta asko trenak ere hartzera behartuak dira. Hemen gure aro ilunen hasierako garaia ez dugu gogoratzen eta bukaera ez dugu antzematen. Ez dugu “bukatu da” esaterik. Jarraitzen dugu.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/aitor-etxarte-ots1.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!