Kalkulu ustelak

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 8a, 17:48

Simone de Beauvoir vs Teresa Kalkutakoa

Genero Ideologiari buruzko Nazioarteko Lehen Kongresua eginen du Nafarroako (Opus Deiren) Unibertsitateak bihartik aurrera, (UPNren esku dagoen) Iruñeko Udalaren sostenguarekin. Balio beza antolatu dituzten hitzaldietako baten titulu dikotomikoak jorratuko duten ikuspegiaren laburpen moduan: “Emakumezkoen burmuina, gizonezkoen burmuina”. To -burmuin martetarrentzat- eta no -burmuin venustarrentzat-! Zakila buruan, ibili munduan. Eta alua buruan, ibili txokuan. Iragarri dutenez, irekiera ekitaldian Yolanda Barcina eta Miguel Sanz izanen dira. Ez dutena zehaztu, hasiera ekitaldia bat eta bakarra izanen den ala bat eginen duten emakumezkoen burmuinentzat eta beste bat gizonezkoen burmuinentzat. Aipaturiko hitzaldiaren goiburua aski adierazgarri ez zaien irakurleentzat, hona hemen darabilten genero ikuspegiaren beste adibide praktikoagoa: (UPNren esku dagoen) Nafarroako Gobernuak aurrematrikulazio kanpainarako prestaturiko bideoaren hasieran, bi mutiko eta neskatiko bat ageri dira. Mutiko batek mediku izan nahi du, besteak astronauta eta neskatikoak zer eta... printzesa! Bi neskatiko sartu izan balituzte seguru bigarrenak Teresa Kalkutakoa izan nahi zuela. Aurkeztu eta gero, kritiken poderioz, bideoa telebistetan iragarki moduan ez emititzea erabaki dute. Gaitz erdi. Edo hiru laurden. Edonola ere, itxura guztien arabera badator feminismo ildo berria, erreferentzia moduan Simone de Beauvoir edo Betty Friedan bainoago Teresa Kalkutakoa eta Letizia Ortiz dituena: barci(femi)nismoa edo. Zein ote haren hurrengo urratsa, Nafarroako (Opus Deiren) Unibertsitateak, (UPNren esku dagoen) Iruñeko Udalaren laguntzarekin, Printzesen Prestakuntza Integralerako Graduondokoa sortzea?

 

Currin-ka

Brian Currinen nazioarteko bitartekaritza taldearen aurkezpena espero baino gehiago atzeratzen ari da. Antza, arazoa da euskal gatazkarekin hasi aurretik NaBai-ren gatazka konpontzen saiatzen ari direla. Eta espero baino denbora gehiago kostatzen ari zaie. “Irlandako gatazkako unerik latzenetan Sinn Feinnen eta DUPen arteko harremanak ikaragarri onak ziren, Nafarroako alderdi abertzaleen arteko egungo harremanekin alderatuta”, adierazi du taldekideetako batek. Bitartekariek adierazpen-eten iraunkorra lortu nahi dute, gero alderdi guztiek haien alderdikeria biltegiak entrega ditzaten, baina oraingoz ezinean ari dira. “Apartheidaren garaietako arraza ezberdinen arteko harremanak itzelak ziren, egungo napartheid abertzale honetako alderdien arteko harremanekin alderatuta”, adierazi du beste bitartekari batek. Bestalde, ezker abertzaleak alderdi berria aurkeztuko du bihar. Aurkezpen ekitaldia Lokarrik antolatu du. Legeztatzearen aurka irmoen agertu den ordezkari politikoa, Antonio Basagoiti, aurkezpenean izatea gustatuko litzaiokeela adierazi du Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek. Ideia ona da. Trabak jarri behar baditu, jar ditzala gertutik eta ahalik eta lasterren, horrek prozesua behar bezain sendoa den probatzen lagunduko baitu, prozesua bera indartuko baitu. Pentsatzen jarrita, Basagoitik ez luke bakarrik jardun behar. Brian Currinen nazioarteko bitartekari batzordearen antonimoa sortu beharko litzateke: Paul Riosen zangotrabatzaile batzorde nazioanala. Gorde dezatela lekua Txentxo Jimenez eta Maiorga Ramirezentzat. Elkar zangotrabatzen maisu direla ederki erakutsi dute.

 

Kalkulu ustelak

Gaur, amaitzeko , tutti-fruttia. Bat: giltzurrunetan harria zuela-eta, Ajuria Eneatik ospitalera eraman behar izan dute Patxi Lopez, euskalautonomiaerkidegotarren lehendakaria. Kasu: guk aspaldi abisatu genuen gertatu dena gerta zitekeela. Gazteleraz, giltzurrunetako harriei calculo esaten diete. Eta guk hainbatetan idatzi dugu Patxi Lopez kalkulu ustelekin heldu dela Ajuria Eneara. Bi: zenbaitetan lana oso zail jartzen digute umoregileoi. Normalizazioarekin hamaika txiste egin izan ditugu Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzara iritsi zenetik. Baina Blanca Urgell horiek guztiak gainditu ditu. Zer erantzunen Legebiltzarrean Jon Juaristi zergatik den Euskararen Aholku Batzordeko kide galdetu diotelarik, eta hori “normaltasun seinale” dela. Harrapazank Txiribiton (normaltasun osoz, jakina). Bidenabar, euskaldunok integra gaitezen beharrezkoa dela ere bota du sailburuak. Euskaldunok integratu behar dugu -erdaldunek ez, antza-, eta horretarako euskararen aurka egon behar dugu. Dena normal-normala, bai horixe. Hiru: Urgellek behin eta berriz aipatu zuen Juaristik The Organization-en mehatxuen poderioz alde egin behar izan zuela, hori bailitzan jasotzen ari den kritiken sorburua. Salatzen dena euskararen aurka egin dituen adierazpen ugariak ez balira bezala. Hori ikusita, gomendio bat dugu Patxi Lopez lehendakariarentzat: fitxa dezala Jose Antonio Camacho Eusko Jaurlaritzako Kirol Sailburu izateko, ederki maneiatzen baititu jite horretako arrazoinamenduak. Urte bete darama Osasunako entrenatzaile moduan Iruñetik at irabazi gabe. Eta iragan igandera arte zortzi jardunaldi zeramatzan garaipen bakarra erdietsi gabe. Baina Madrilgo hainbat irratitan, galdetu diotelarik ea zergatik kritikatzen duten osasunazaleek, behin eta berriz erantzun zuen arazoa dela Munduko Txapelketan Espainiaren alde egin zuela eta, finean, espainiarra dela. Pentsamendu lopeztarra, puri-purian. Normal-normala.

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak otsailaren &an Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!