Ozpina

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 2a, 18:26

Patxi Zubizarreta

Mundu mailako —eta norberaren baitako— kolonialismoaren azterketa zehatz eta gordina dugu irakurgai Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? (Pamiela) liburu kasik entziklopedikoan; gure kulturan lehenengo aldiz arabieratik euskaratu dute liburu bat, hain zuzen ere Mohamed Xukri marokoarraren Ogi hutsa (Igela) nobela autobiografikoa, Arantzazu Royo itzultzailearen eskutik.

Baina ez nituzke ahantzi nahi Sarriren liburuaren laburpentzat jo dezakegun Amin Maalouf-en El desajuste del mundo ~Cuando nuestras civilizaciones se agotan~ saiakera salatzailea eta Medhi Charef-en Arkimederen harem-eko te hura (Desclée) nobela; Gerardo Markuletaren itzulpena, jarraian ikus-entzun dezakegun bezala, bikaina da eta gordina, oso, gazte magrebiarrek Paris bezalako urbeetan bizi duten giro itogarri eta baztertzailea…

Oso erraza duk: kafetegi bateko terrazan jarri behar duk, atsoak tea hartzera joaten diren horietako batean. Bati erreparatu behar diok; aukeran, ez dadila Matusalenen kintakoa izan, eh? Berak ere hiri erreparatuko dik. Taka! Hik Nenuco irribarrea jarri eta neskari kuleroak ble-ble egin zaizkiok. Senarrak, han ondoan, ikusi hau, baina ez dik txintik esan. Berari bost, marikoia duk eta. Burges guztiak dituk marikoi: Mme Arthur-engana joaten dituk, popatik kandela hartzera. Eta emazte txintxoak, ba, aspertu. Hik terrazan geratu behar duk. Begirakunea josi behar diok. Ahalik eta lizunen. Berak ere berdin. Eta gero, zer egingo du atsoak gero? Jaiki komunera joateko, jaso poltsoa eta enparauak eta gero, txizatokian, paper puxka bat hartu, telefono zenbakia idatzi eta bueltan zetorrek. Senarrari "goazen" esan ziok eta taka! Senarra jaiki da. Atsoak aurretik pasatzen utzi ziok eta atzetik zetorrek. Hire mahaiaren paretik pasatzean, ia oharkabean, telefonoko papertxoa utziko dik. Gero, gauean, telefonoz deitu eta egina zagok! Bere txaletera gonbidatuko hau: muino batean, burnisare itzelezko baten ostean, zuhaitza eta zuhaitza inguru guztian. Ate ondoan, hormako botoi bat sakatu eta ahots umel-bero bat entzungo duk esanaz: "Oraintxe irekiko diat, moñoño". Eta zakila xut hago mementoan! Zeharkatu duk lorategia, igo duk eskailera. Atsoak berak irekiko dik atea. Txolin galduak kamisoi zuria zeramak, zuri transparentea. Eskutik helduta, besaulkiraino eramango hau. Hi, ezeren axolik gabe, ipurtaldeari begira geratuko haiz: txuri-txuria zeukak, eguzkitan ez dik behekoa kentzen. Hi besaulkian eseri eta berak kenduko dik jaka. Gero esango dik: "Whisky, txanpainik?". Basoa beteko dik. Berea altxa eta begi lizunez begiratuta: "Txin-txin", esango dik. Basoa mahaian jarri eta zigarrontzia eskainiko dik: hik bat hartu eta berak piztuko dik. Atxiki bat eman eta eroso jarriko haiz besaulkian. Begiak itxi, atsoaren atzamarrak sumatuko dituk kremailera aldean, eta aurrera, motel!

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/zubizarreta-ozpina.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!