Otsoaren ulu zabarra
Euskararen Aholku Batzordeko kide Jon Juaristiren azken egunotako adierazpen eta izkribuek sutan jarri gaituzte. Ez euskararen aurkakoak izateagatik -hori espero genuen- baizik eta zeharo zabarrak izateagatik. Juaristik ardi euskaltzaleon otsoa izan nahi badu -euskaldun koitaduok, beti baserri giroko mateforak gora eta behera-, gehiago lan dezala bere diskurtsoa, otoi. Euskarari artzainen hizkuntz motza izatea egozteari naftalina kirats azientifikoa dario; izan ere, komunitate zientifikoak oso aspaldi onartu zuen hizkuntz guztiek gaitasun berberak dituztela eta ezin direla hierarkizatu. Eta euskaltzale-abertzaleen aurkako zokokeria salaketak sinesgarriak izan daitezen, gutxieneko koherentziari eutsi behar. Ezin duzu zeure burua abertzalekerien aurka borrokatzen den munduko hiritartzat aurkeztu eta jarraian esan euskara desagertuko balitz ez litzaizukeela batere inportatuko, oso agerian uzten baituzu nazionalismoak -espainiarrak, jakina- itsutzen zaituela, zurea maitatzera eta besteena mespretxatzera bultzatzen zaituela. Eta oso erraz uzten duzu zure zokokeria salaketei buelta ematea. Gure lehen hizkuntza euskara da, baina sekulako pena emanen liguke bigarrena, gaztelera, desagertzeak, hori ere maite baitugu. Are gehiago, edozein hizkuntz galtzeak pena emanen liguke. Gure idurikoz, hizkuntzak ez dira soilik haien hiztunen ondare baizik eta gizateria osoarena. Hizkuntz bat galtzen denean kultura bat, mundua ikusteko modu bat galtzen dela uste dugu. Beraz, nor da zokokeriatan dabilena, gu ala bera? Bost minutu behar izan ditugu Juaristiren diskurtsoari erantzuteko. Denbora sobran dugu pare bat ardirekin elkartu eta orgia egiteko.
Nafarroa... ai!
Orgia bortitza izanen da, jakina, euskaldunok eta bortizkeria estuki loturik gaude-eta, Lopez lehendakariak esan ez duenez. “Bortizkeriaren bukaerarekin (...) euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin”. Hala mintzatu da, hitzez hitz, baina horrekin ez du esan nahi izan guztiok ulertu duguna. Guztiok ulertu duguna ulertu dugu euskararen erabilpen politikoa egiten dugulako. To eta no! Dena dela, orgia bortitzez ari garela, ezin Nafarroa Bai aipatzeke utzi. Hori da hori egurra ematea. Hori da hori aprobetxatzea Nafarroako eskuinaren zatiketak -UPN, PP, CDN- eskaintzen duen aukera historikoa. Analista politikoen ordez ETB1eko Boxeo izarrak saioko Manu Maritxalarrek eta Pedro Mari Goikoetxeak egin beharko lukete koalizioko orain arteko kideak eta Batasuna elkar banatzen ari diren zaplastako politikoen kronika. Goñi Tabernan ere hizpide izan da kontua. Tabernako nagusi Rikardo abertzale moderatua ohi baino erradikalago ikusi dugu: “Aralarri lotsa eman beharko lioke Zapateroren Gobernuaren erreforma guztiak sostengatzen ari den EAJrekin bat egiteak”. Txikiteroa, beti bezain mihi gaizto: “Ezkertiartasuna bada kontua, Batasunak ere eduki lezake zertaz lotsatu, haren bikotekide berriarekin. Nafarroako EAk Abiadura Handiko Trena eta Itoizko urtegiaren alde egin izan du. Eta Iruñeko EAko zinegotziek Espainiako segurtasun indarrei sostengua eskaintzen zieten mozioen alde bozkatu izan dute”. Litekeena dirudi azkenean bi koalizio abertzale izatea aurrez aurre -hauteskunde hauetan ez bada biotako bat legez kanpo uzten dutelako, hurrengoetan-. Eta bion batez besteko ideologiko ponderatua berbera izatea. Orgiaren irudira itzuliz, dibortziatuen arteko bikote trukaketa gutiz ilusionagarria.
Koprofagia mahaia
Pentsioen erreformaren inguruko negoziazio mahaia Madrilen. UGTk eta CCOOk bake soziala sinatu dute Zapateroren Gobernuarekin, lau zuzenketa ñimiñoren truke. Europa osoan parekorik ez. El Roto marrazkilari bikainak aurreko batean ederki laburbildu zuen egoera bere zinta batean: “Lehen bistadizoan bake soziala ematen du, baina egiazki etorkizunarekiko izua da”. Lehen bistadizoan negoziazio mahaia ematen du, baina egiazki koprofagia mahaia da. Ez dute eztabaidatu pentsioen erreforma beharrezkoa den, langileen bizkar egin behar den, gainontzeko zergekin ordain daitekeen, kapitalaren errentaren gaineko zergak handi daitezkeen. Aurrekoan Vergara marrazkilariak haren zintetako batean ederki islatu zuenez, ez dute negoziatu kaka zaharra onartuko den ala ez, baizik eta kaka zaharra zein tamainakoa izanen den. Kilokoa izan ordez hiru laurdenekoa izanen da, eta garaipen itzeltzat saldu nahi digute, eskerrak eman beharko genizkiekeela diote. Esan gabe doa koprofagia jaialdian haiek chefak direla eta gu jaleak, irensleak. Gauza guztiek dute haien alde ona, baita kaka zaharrak ere. Aspaldidanik kezkaturik genbiltzan gurean batasunik lortzen ez zelako greba orokorrak deitzeko tenorean eta hori lortzeko ahalegin handiagoak egin behar zirela uste genuen. Bistan da oker geundela. Haiek kalera atera nahi ez badute besteok atera beharko. Izan ere, grebak, manifestazioak, protestak egin behar dira. Horretan zalantza izpirik ez. Ostegunean, Iruñeko Kale Nagusian barrena gindoazelarik Gazteluko plazako manifestaziorantz, hainbat denda pertsianak jaitsita ikusi genituen. Sortu zitzaigun zalantza, zenbat zeuden behin behinean itxita greba orokorraren karietara eta zenbat behin betiko krisiaren poderioz.
(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak urtarrilaren 30ean Berrian argitaratua)