Iritzia:Ameriketara etorri berri naiz sei hilabeterako

Euskalerria Irratia 2011ko urt. 26a, 18:48

Izaro Arroita

Ameriketara etorri berri naiz sei hilabeterako: Renora, Nevadara. Oraindik ez naiz erabat ohitu hemengo paraje zabaletara, baina dagoeneko, asteburu honetan bertan, Renoko Basque Club-aren urteroko afarira gonbidatu gaituzte, ni bezala, hemengo unibertsitatera etorritako euskaldunak. Renoko downtown-eko, erdialdeko jatetxe euskaldun batean izan zen afaria, kasino argitsu bezain dekadenteetatik oso gertu.Berrogei bat lagun elkartuko ginen; adinekoak gehienak. Askok izen amerikarrak zituzten eta ez zekiten euskaraz. Beste batzuk gerora ikasiak ziren, eta bazen ama hizkuntza euskara zuenik ere. Horietako batek, Goñi izeneko gizon batek, bertsoa bota zuen afalostean, bisera eta guzti. Eta duela 53 urte Baigorritik artzain etorritako gizon bat ere ezagutu genuen: Duela 53 urteko Baigorriko euskaran kontatu zigun 18 urte zituela etorri zela Ameriketara, bost urte egiteko asmotan. Bi mila ardiko artaldea hartu behar izan omen zuen bere gain iritsi berritan.

Bere ondoan, adin bertsuko emakume batek kontatu zigun Aldude ingurukoa zela eta, hona etorri aurretik, ile-apaindegira Elizondora joaten zirela; hiru orduko bidea zutela oinez eta goizeko hiruetan abiatzen zirela, karabineroak iritsi aurretik pasatzeko.

Haien kontakizunak urrutira eraman ninduen espazioan eta denboran; etxera, neurri batean behintzat… Baina hemen goiz samar erretiratzen da jende gehiena, eta berehala, jatetxetik kasinoen argitara atera ginen. Baigorriko gizona eta Aldudeko emakumea parkingera joan ziren autoaren bila, eta guk ere azken tragoa egin eta taxia hartu genuen Circus Circus eta El Dorado kasinoen ondoan, etxera, hemengo etxera itzultzeko.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/01/arr09006.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!