Nahierara lex sed lex

Euskalerria Irratia 2011ko urt. 24a, 18:29

Gernikako lekukoak

Deigarria, iragan ostiralean egunkari honek zekarren argazkia: Gernikako Akordioren sinatzaileak, Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzan sartu nahian eta ezinean. Eta, haien aurrean, guardia zibil bat haiei atea itxi nahian eta ezinean zebilela. Etxe arrunt batean sartu nahi zuten Jehovaren lekukoak ematen zuten, Gernikako lekukoak edo. Bazirudien haien eta guardia zibilaren arteko elkarrizketa honako hau izan zitekeela.

Sinatzailea: Bakea interesatzen al zaizu?”

Guardia zibila: Barkatu baina orain ez dut horretarako astirik.

Sinatzailea: Beti dago astia bakerako. Ezagutzen al duzu Gernikako Akordioa?

Guardia zibila: Zerbait entzun dut, bai...

Sinatzailea: Zuretzako ale bat dugu, irakur dezazun.

Guardia zibila: Berriz diot, orain ez dut astirik eta kendu oina, atea itxi nahi dut eta.

Barregarria litzateke, baldin eta Gernikako Akordioko sinatzaileak ez balira hurbildu Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara azken atxiloketak salatzeko. Beste behin ere, armarik gabe eta publikoki politika egiten zuten herritarrak atxilotu dituzte, noiz eta bide politikoen eta soilik politikoen aldeko apustua egiten ari zirelarik. Demokratikoki onartezina baina hainbat herritarrek onartzen dutena. The Organization-en indarkeriak eragin dituen drametako bat, eskubide zibil eta politikoen urraketaren aurkako sentsibilitaterik eza. Aste honetako sarekada ikusita, irudi luke zenbaitzuk abantaila horrekin jokatzen segitzeko interes handia daukatela.

Gernikako Akordioaren sinatzaileek Jehovaren lekukoek baino pazientzia gehiago beharko dute, irudi baitu Espainiako Gobernuak behin eta berriz itxiko diela atea.

 

Francolandia

Gogor ari dira. Txelui Morenoren semea preso eraman dute, aurretik preso eraman zituzten bezala Marine Pueyoren alaba eta Arnaldo Otegiren semearen aita. Gainera, Iruñeko Gobernuaren Ordezkaritzako ateak nola, halaxe ixten ari dira maiatzeko hauteskundeetakoak. Indarkeria gaitzetsi behar dute, eta The Organization-engandik aldendu, eta lau salto mortal egin, eta... Eta jada zer gehiago eskatu ez zekitenez, erabaki dute deus ez eskatzea. Ateak itxi, eta kito. Caamaño ministroak argi esan du aste honetan EITBko hedabideetan: legea betetzen badute ere ez dira legalak izanen. To eta no. Gauzak oso gaizki daude. Edo oso ongi, batek daki. Negoziazio estrategia klasikoen arabera, negoziatzen hasi aurretik aurkaria ahalik eta gehien estutu behar da, ahalik eta gehien ahuldu. Ikusteko dago Caamañok esandakoa betetzen den ala ez. Edonola ere, esaldia sekulakoa da: legea beteta ere ez dira legalak izanen. Udalbiltza auziko epaile instruktorearena dirudi. Inor ahaztu bada, Baltasar Garzon izan zela oroitaraziko diogu. Aste honetan, Madrilgo hainbat eragile aurrerakoik omenaldia egin diote, Espainia “Francolandia” dela salatuz. Haien irudikoz, Garzon pairatzen ari den jazarpenak Francoren garaietakoa dirudi. Zeresan beharko lukete orduan Garzonen jazarpena pairatu duten Udalbiltzako auzipetuek? Garzon ez bezala, preso egon dira, eta diru kontuak blokeatu dizkiete, eta zortzi urte eman dituzte haien etorkizuna jakin gabe, Gomez Bermudez epaileak ebatzi duenez, haien aurka batere frogarik izan gabe. Ea aro politiko berri honetan, emeki-emeki berpizten den herri honen kontzientzia demokratikoa, irizpide kritikoa. Batzuek zein bestetzuek, kolore guztietako eragile politikoek -eta militarrek- zenbatetan egin diguten huts ikusita, bistan da gizarte zibilaren akuilua ezinbestekoa dela, ez daitezen beste behin ere bakearen bidetik desbidera. Iruñeko atzoko manifestazioak itxaropenerako zirrikitua zabal lezake -lerrook idazterakoan oraindik ez dakigu espero bezain ongi atera den-.

 

Donostiako danborrada, Real Madriden menpe

Gaur, aspaldiko partez, amaitzeko, tutti-fruttia. Bi zaporeduna. Bat: Espainiako Senatuan euskaraz, galizieraz eta katalanez mintzatzerik egon dadin itzulpen zerbitzua antolatu izana eskandaluzkoa dela diote, urtean 350.000 euro gastatu behar dituztelako haien irudikoz guztiz sinbolikoa den, egiazki beharrezkoa ez den afera batean. Estatuaren egituraketa autonomikoak dakarren diru xahuketaren adibide paradigmatikoa dela esaten dute, eta Espainia bat eta bakarrarekin halakorik ez litzatekeela gertatuko gaineratzen. Eta jada bero-bero daudenez, deskuidatuz gero oihuka ere hasten dira: gora Espainia, gora erregea. Espainiako Erret Etxeak ofizialki 8,41 milioi euroko aurrekontua izanen du aurten. Esan gabe doa ez dela erakunde batere sinbolikoa baizik eta guztiz beharrezkoa XXI. mendeko herrialde ustez demokratiko batean. Bi: aho bete hortz utzi gaitu donostiarren otzantasunak. Ez gara ari tabakoaren aurkako legeak danborradan eduki duen onarpenaz, baizik eta auzi askoz serioago eta larriago batez. Aurten, Real Madridek Espainiako erregearekin loturiko interesen arabera erabaki du San Sebastian egunaren inguruko jai egitaraua nola egituratu, eta, guk dakigula, inork ez du txintik ere esan. Espainiako hiriburuko taldeko jokalari Xabi Alonsori eman diote urrezko danborra. Sari hori San Sebastian egunean eman ohi da. Baina Real Madridek, Espainiako Errege Kopako partida baten kontura, Alonsori esan zion 20an ez ziola utziko Donostiara joaten. Askoz jota, 19an joan zitekeela. Hori horrela, urrezko danborraren banaketa egun bat aurreratu zuten, eta herritar soilei ematen zaizkien dominen banaketak egun bat atzeratu. Ikaragarria.

(Zazldieroak eta Juan Kruz Lakastak 2011ko urtarrilaren  23 Berrian argitaratua)

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!