Iritzia: Izotz ondoko eguzki

Euskalerria Irratia 2011ko urt. 13a, 19:57

Josu Jimenez Maia

Gaua Venezian emanda, Veneto-ko hiriburutik Verona-rako bidea hartu dugu. Strada-ren, autopistaren alde banatan mahastiak eta mahastiak, ihintzaz zipriztinduak. Tenperaturarik gabeko goiza: 0 gradu kanpoaldean, buseko termometroak salatzen duenari kasu egitera. Venezia-tik Verona-rako bide oso-osoa sakelako telefonoz hizketan eman du buseko gidariak. Ordubete, aise, hitz eta pitz. Italian ez omen dago debekatuta sakelako telefonoz aritzea gidatzen duzularik. Buseko gidari italiarren inguruko mito guztiak egiazkoak direla berresteko aukera paregabea.

Buseko lehiotik begira ari naizelarik, eguzkiaren izpi batzuek argitzen dute inguru izoztua: Izotz ondoko eguzki. Ezinezkoa gogoratzea Lizardiren poema osoa gidariaren kalaka gogaikarria dela bide... Hasierako bertsoaz aparte, ez dut besterik gogoan: Izotz ondoko eguzki.

Veronan, busetik jaisterakoan, gidariak galdetu digu:

- Spagnoli?

- Ez, basqui.

- A, basqui, separatisti!

Jatorra, gidaria.

Veronan, bero onik ez, hotz handia baizik. Piazza Brà-runtz abiatu gara oinez eta orduan etorri zait burura Xabier Lete zenaren ahotsarekin.

Izotz-ondoko eguzki,

neguaren farre:

olerkariak noizbait

hiri goratzarre.

Emeki duk itxaroz piztu

garai-larre:

udaberri-lamiek

larreon batzarre.

Eta Euskalerrira itzulita, Euskadi Ta Askatasunaren sueten iraunkor, orokor eta egiaztagarria: Izotz ondoko eguzki.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/01/josu-jimenez-maia-italia.mp3]

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!