Iritzia:Wikileaks foralete bat

Euskalerria Irratia 2011ko urt. 3a, 19:21

Iñaki Irisarri

Wikileaks kontuarena fenomeno bitxia da; halako erakunde bat da hori, eta egiten duena da gobernuek eta enpresa handiek ezkutuan egiten dituzten gauzen gaineko informazioa lortu eta bildu, gero horri buruzko dokumentuak mundura zabaltzeko, tantaka.

Bai, tantaka argitaratzen dituzte dokumentu horiek, pixkana-pixkana, eta, gainera, gobernuek haien aurka ezer ez dutela eginen ziurtatzeko, are informazio inportanteagoa duten dokumentuak jarri dituzte guztion esku Interneten, baina enkriptatuta; hau da, gobernuek haien aurka zerbait eginez gero, dokumentu horien pasahitza zabalduko dute eta informazioa ezagutzeko aukera izanen dugu denok, gobernu eta erakunde boteretsu askoren kalterako. Ideia ederra, ezta?

Nonbait, ideia horren atzetik daudenek gardentasunaren izenean egiten dute, benetako demokrazia baten aldeko apustua egiten dutelako. Hori da teoria, bederen, egia esateko puntu ilun asko daudelako Wikileaks horren atzean, baina tira, niri izugarri polita iruditzen zait gobernuek ezkutuan egiten dutenaren berri ematen duen talde bat egotea. Osasungarria da hori, jakin badakigulako politikaren artea, hein handi batean, itxura zuzena eta garbia ematearen artea dela, gero ezkutuan beste kontu ilun eta zikin asko egiten diren bitartean.

Horregatik, joe, aurten ez nekien oso ongi zer eskatu Olentzerori, eta, begira, azkenean eskatu nion Wikileaks foralete bat, halako Nafarleaks edo ez dakit nola deitu, gurean ezkutuan egiten denaren berri jakiteko.  Ez dakit ekarri didan, etorkizunean jakinen dugu hori, Nafarroako ezkutuko kontuak agerian geratzen diren neurrian. Jakina, gurean, gobernua dela, Opus Dei dela, kontu asko daude gordean, eta hemen tantaka ez, txorrotaka agertu beharko dute dena... Tira, ikusiko dugu. Urte berri on, lagunok!!!  

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/01/irisarri.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!