Santomasetako nire albuma

Euskalerria Irratia 2010ko abe. 22a, 10:26

Elixabete Garmendia

Gaurko argazkia ez da bakarra, argazki ezberdinek osatutako albuma da. Argazki guztiak ez daude paperean ordea, batzuk oroimenean soilik. Santomasetako nire album partikularra da.

Lehenengoak erakusten du neska bat baserritarrez jantzita, lanbretta gainean, San Bartolome aldapan behera, ziztu bizian; lanbrettak dio argazkiak badituela urte batzuk, hamar bai gutxienez; baina gaur ere, antzeko eszenak ugari ikusi ahal izango dira. Donostiako janzkera aldatu egiten da egun honetan, eta paisanozkoen errutina hausten dute txapel, buruko zapi, amantal, artilezko galtzerdi eta abarkek.

Bigarren argazkia gaurko egunkariko paper gainean dago, eta bertan Filemona ageri da, Leitzatik datorren zerria. “Festaren erregina” entzun dut gaur goizean irratian; esajerazioa ote den, baina tira, festaren erregintzat zerria izendatzeak adierazten du zerbait, normalean hain serio, eta dotore ustekoa den hiri honetan.

Hirugarren argazkia ere egunkarian dator: Benito Deba, gure herriko harakinetako bat, txistor sorta alboan duela; aurten ez du lehiaketa irabazi ahal izango, iaz bera izan baitzen txapelduna; baina txistorra, zin dagizuet, primerakoa dago aurten ere.

Laugarren argazkia oroimenean dago. Gaurko egunez, orain bospasei urte; ilunduta zegoen ordurako eta  Parte Zaharra festa bukatu ezinik zebilen. Eta hantxe, Bretxa inguruan, Mikel Laboa eskeko musikari bati bizkarretik heldu eta harekin kantuan. Santomas, ia dena posible den egun bakan horietako bat da Donostian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!