Inkomunikazioa

Euskalerria Irratia 2010ko abe. 21a, 11:00

Inkomunikazioaren aurpegiak ikusi ditut gaurko egunkarietan. Inkomunikazioaren aurpegiak, mundu guztiak dakienez, milaka dira, borreroarenak bezala.

Batetik ikusi dut elurtearen aurpegi zuria. Ikusi ditut Europako bidaiariak aireportuari kateatuta, hegazkina noiz atera zain. Europako zuritasun kaotikoa ikusi dut. Aire-garraioa, aire-komunikazioa, etenda ikusi dut. Eta sekulakoa iruditu zait ibilgailu horiekiko dugun mendekotasuna, eta nola inkomunikatzen gaituen haien faltak.

Bestetik ikusi dut Madrilen, Auzitegi Nazionalera eramanak izan aurretik, atxilotuak inkomunikaturik dauzkatela, ikusi dut “habeas corpus” delako babes-protokoloa zein erraz suntsitzen den. Isolamenduaren inkomunikazioak mindu dizkit begiak gaur, berriz ere.

Eta ikusi, ez dut ikusi komunikatua. Bolo-bolo dabilen komunikatua ez da azaltzen. Atzeratzen ari da. Horra inkomunikazioaren beste aurpegi bat. Komunikaturik ezean, inkomunikaturik gaude.

Nioenez, milaka aurpegi dauzka inkomunikazioak, borreroak legez.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/12/joxi-bazterretxea-ab-202.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!