(Hizkuntz) normalizazioa

Euskalerria Irratia 2010ko abe. 15a, 17:54

Salbazio Herria

Durangoko Azokaren atarian, krisiaz, izuaz, aurtengo edizioa bertan behera uzteko aukeraz mintzatu ziren Gerediaga Elkarteko antolatzaileak. Horren ondotik, jakina, jende olde ikaragarria hurbildu da azokara. Gerediagakoek -nahita ala ez- bete betean asmatu dute marketin kanpainarekin. Euskararekin loturiko edozer desagertzeko arriskuan dagoela esatea baino modu eraginkorragorik ez dago euskaldunok mobilizatzeko. Deus ez zaigu gehiago gustatzen euskararekin loturiko edozer salbatzea baino. Durangorako joan-etorria kotxez, 40 euro. Bizpahiru liburu eta disko erostea, 50 euro. Etxera itzultzea pentsatuz azoka, euskal musikagintza, euskal literatura, euskal kultura, Euskal Herria salbatu dituzula ezin ordain liteke. Zer gara euskaldunok? Pirinioen bi aldeetan galbidean dagoen hizkuntza salbatzen ari garen herritarrak. Horra hor gure ezaugarri bereizgarria. Horren harira, albiste on bat jaso dugu aste honetan: euskara desagertzeko arriskuan segitzen du, Nazio Batuen Hezkuntzarako Erakundearen munduko hizkuntzen atlas berriaren arabera. Gora eta biba! Izan ere, euskara arriskutik ateratzen den egunean, akabo euskara, akabo Euskal Herria.

 

Euskara Oztopatzeko Batzordea

Nazio Batuen Hezkuntzarako Erakundeak atlasa osatu zuelarik, Eusko Jaurlaritzak izendatu gabe zuen Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordeko kide moduan. Bestela, akaso kolore eta atal berria sortuko zuten atlasean euskararentzat. Kolorea, berde fosforeszentea. Atala, desagertzeko ez ezik desarrazoia eta desaireak pairatzeko arrisku larrian dauden hizkuntza koitaduena. Pott eginda geratzeko modukoa,Pott bandako garai bateko kidearen, egun “hizkuntz komunaren” aldekoen bandan buru belarri dabilen idazlearen fitxaketa. “Euskarazko kultura demokratikoa, tolerantea eta aurreiritzi gabekoa ezartzeko garaia” dela aldarrikatu zuen Lopezek Euskararen Egunean. Ez dirudi, bada, batere demokratikoa, tolerantea eta aurreiritzirik gabea denik Jon Juaristik, besteak beste, 2009ko uztailaren 5ean ABC egunkarian argitaraturikoa: “Pachi (sic) Lopezek xarmarik badu, hura datza Aitorren hizkuntza ez jakite zorioneko horretan”. Euskararen aurkakoak ere Euskararen Aholku Batzordean. To eta no normalizazioa. Zer ote hurrengoa, Manolo el del Bombo Euskal Selekzioaren Bideragarritasunerako Aholku Batzordeko buru?

 

Zuzenbide estatuaren funtzionamenduaren froga ugariak

Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez terrorismoa goresteaz errugabetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Gasteizko Legebiltzarreko PSEko eledun Jose Antonio Pastorren arabera, “zuzenbide estatuak funtzionatu egiten duela erakusten du ebazpen horrek”. To eta no. Beste behin ere, zuzenbide estatuaren funtzionamenduaren komodina dantzan. 18/98 makrosumarioaren baitan desobedientzia zibil ez-bortitzaren aldeko Joxemi Zumalabe fundazioa desegiten dute eta haren bultzatzaileak espetxeratzen The Organization-en aginduetara daudela argudiatuz, baina gero epaileak errugabeak direla dio. Zuzenbide estatuak ongi funtzionatzen duela erakusten du horrek. The Organization-en menpe dagoelakoan Euskaldunon Egunkaria ixten dute, haren bultzatzaileak atxilotu, torturatu eta espetxeratu egiten dituzte, baina gero epaileak erabakitzen du errugabeak direla eta kazetak ez zuela inolako loturarik talde armatuarekin. Zuzenbide estatuak ederki funtzionatzen duela erakusten du horrek. Millan Atrainek zioen kultura hitza entzuten zuen aldioro eskua pistolara eramaten zuela. Guk ebazpen batek zuzenbide estatuak funtzionatzen duela erakusten duela entzuten dugun aldioro eskuak burura eramaten ditugu, entzuten ari garena ezin sinetsiz.

 

Konstituzio Orbanik Gabearen zubiaz

Konstituzio Orbanik Gabearen Foru akueduktu luzea erdi zorabiaturik amaitu dugu, ez bidaia luzeak egin ditugulako, baizik eta zenbait diskurtsok mareatu gaituztelako. Konstituzioaren Egunean lan egin behar zela zioten berberak entzun ditugu esaten onartezina dela Ama Birjin Sortzez Garbiaren Egunean lan egitea. Konstituzioaren Egunean beharrean aritzea Euskal Herria altxatzea da. Eta Ama Birjin Sortzez Garbiaren Egunean -azalera handiko saltokietan- gauza bera egitea, aldiz, Euskal Herria zapaltzea. Harrapazak Txiribiton. Ados gaude. Eta ez gaude ados. Euskal Herri independente baten alde daudenek jai egun espainiarren kontra egitea oso ongi iruditzen zaigu, baina horregatik beragatik Euskal Herri akonfesional baten alde daudenek jai egun erlijiosoen kontra egin beharko lukete. Eta gure lan egitarauan askoz gehiago dira izaera erlijiosoko jai egunak. Hego Euskal Herrian, lan eta ikasketa egutegietan, jai egunak logikaren arabera banatuz hiruhileko parekatuak sortu ordez, jai egunak sinesmenen arabera sakabanatuz batetik hiruhileko motz eta bestetik hiruhileko amaiezinak sortzen ditugu. Beraz, gu euskal lan egutegi laikoaren alde.

 

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak abenduaren 12an, Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!