Santa Lutzia globala

Euskalerria Irratia 2010ko abe. 15a, 17:01

Elixabete Garmendia

Buruak, buru pila, txapelaz, mendiko txanoz nahiz buffaz estalita; burusoilak dexente eta kontrastean melena ertainak. Alde batera eta bestera daude jiratuta buruak, argazkian ikusten ez denari begira. Burutik behera eskuak poltsikotan sartuta sumatzen dira, zer suma hain zuzen ere.

Izenburuak dio “Santa Lutzia globala”. Asaldatu naiz apur bat: zer hasi ote dira, Urretxu-Zumarragako periatik internetez saltzen porruak, sagarrak eta odolkiak? Ez, gauza ez da hartaraino iritsi. Kontua da gure artean bizi diren hegoamerikarrek-eta manta-postuak zeuzkatela espaloietan, bertako postuen aldamenean. Horrek inspiratu dio kazetariari “globala” kalifikatiboa.

Kazetariak ezin ihes egin unibertsaltasuna azpimarratu beharraren modari. Izan ere, atzo bertan, Santa Lutzia “globala”ren parean, baina Gasteizen Bilbon , antzekoak entzun ziren Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura Sailburuaren ahotik: “Euskadik kanpora begiratu behar du eta ezin da izan euskal kulturaren parke tematiko moduko bat”.

Aspaldiko ikuskizun batekin gogoratu naiz. Santa Lutzi bezperan gure herritik saldoka pasatzen ziren moxalak Zumarragara bidean. Gidariak gizon belztakak izaten ziren, ijitoak agian? auskalo nondik zetozenak. Santa Lutzitako peria ez ote zen ba globala, bere neurrian, orduan ere? Garaian garaiko kulturgintza bezalaxe, nahiz eta batzuek motz, itxi eta susmagarri jotzen duten bertatik abiatze hutsagatik.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/12/elix-garmendia-ab-141.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!