Itzala eta lurra

Euskalerria Irratia 2010ko abe. 14a, 14:38

Aitor Etxarte

Koldo Izagirrek bere azkeneko “Autopsiarako frogak” liburuan hausnarketa ugari egiteko sarea osatu du. Besteak beste, Otaño eta Orixeren zuhaitzaletasun poetikoaren interpretazioan aipatzen du euskaldunok “ ez gara territorialak, gure territorioa euskaraz egin litekeen edozein kerizpe da”. Aurrerago ere Antton Lukuren hau dakar : “ Munduan ba ote da populurik auto-definizio hain irekia duenik? Euskara ikasten duzu, ziup, automatikoki euskalduna zira, ongi etorri klubera” Beraz, hizkuntzarenak gara, ez lurrarenak.

Bat egiten dut aurrekoarekin, baina… Bizipen guztiak, mementu guztiak, solas guztiak lurrarik gabe, paisairik gabe ez dugu egiterik. Haritza edo gaztainaren kerizpe material zehatza behar dute izan, lurraren trinkotasuna eta dentsitatea oin azpian sentituz. Euskalduna izatea, beste ezer izatea bezala, ez da aingeruentzako esperientzia soilik.

Agian Merced kaleko lurraldea periferian den bazter dermioa delako, agian urtean zehar euskaldun izatea zerbait ezmateriala delako, agian horregatik, Durangoko Azokaren itzala eta lur trinkoa sentitu behar dut urtero. Ezagunak ditudan euskaldunak agurtu, berriak diren liburuak ireki, musikaz gogobete edo kultur sortzaile ezagunekin solastu.

Euskaldunok, askoren lanaren eraginez,  gutasuna garatzeko topaguneak diren itzalak eta lurraldeak sortu ditugu. Zuhaitzen azpian bizitzeko herria garelako.

Xabier Letek idatzi zuen:

“ Sinisten dut/ hartuko nauen lur  hortatik/ landare berriak sortuko direla:/ landaretatik zuhaitzak/ zuhaitzetatik loreak/ loreetatik fruituak/ fruituetatik gizonak eta abereak bazkatuko direla.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/12/etxarte-ab.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!