Hemen kafeari Baque esaten diogu, eta bakeari Kit-kat

Euskalerria Irratia 2010ko abe. 2a, 09:38

Amaitu da gatazka

Zorigaiztoko gatazka amaitu da! Akordioa lortu dugu! Alde guztiak ados jarri dira! Gora eta biba euskal pilota! Kasu, ez gara ari pelota basqua-z baizik eta askoz garrantzitsuagoa den euskal futbol baloiaz. Selekzioak abenduaren 28an partida jokatzea adostu dute Federazioak eta jokalariek. Azkenean ez da Euskal Herriko selekzioa izanen, ezta Euskadikoa ere, baizik eta Euskal selekzioa, eta kito. Esan gabe doa beste gatazka, pelota basqua-rena konpontzea nekezagoa izanen dela, luzeago joko duela. Adostasuna ez da erraza haren selekzioaren izena adosteko tenorean sekulako arazoak dituen herri batean. Baina nori axola zaio hori gure futbol selekzioak partidak jokatuko baditu? Ederki kostata lorturiko akordioa ez zapuzte aldera, iruzkin honentzat bi amaiera prestatu ditugu, bat jokalarientzat, eta bestea Federazioarentzat. 1) Gora Euskal Herria selekzioduna! Gora Euskal Herria futbolzalea! 2) Gora Euskadi selekzioduna! Gora Euskadi futbolzalea!

Kortabarria eta Iribar gogoan

Zertaz ari ginen jabeturik, Txikiteroa, ohi baino luzeago baina beti bezain sakon mintzatu zitzaigun: “Ez izan horren sarkastikoak futbolarekin, futbol mundutik iritsi baitzaigu azkenaldiko mezurik iraultzaileena, Eric Cantonaren aldarria herritarrek dirua banketxeetatik atera dezaten. Imajinatu zer gertatuko litzatekeen baldin eta abenduaren 28an, San Mameseko partidaren atarikoan, euskal futboleko katedraleko harmailetan pilaturiko milaka eta milaka zaleen aitzinean, bere garaian Kortabarriak eta Iribarrek ikurrina nola, halaxe haizatuko balute Gorka Iraizotzek eta Mikel Aranburuk dirua banketxeetatik ateratzearen aldeko pankarta. Eta jarraitzaile guztiak oihuka hasiko balira, 'Oe, oe, banketxeak erre! Oe, oe, banketxeak erre!'”. Egiaren aitortzeko, gaudenetan egonda, kosta egiten da, kosta egiten denez, hori imajinatzea. Bi urte joan dira krisi-tokomotxo hau hasi zenetik, eta erdipurdiko hiru greba besterik ez ditugu egin.

Izarren hautsa

Izarren hautsa egun batean bilakatu zen sukaldarien arteko lehia. Ez dugu uste sukaldaritza eta lehia ongiegi uztartzen direnik, baina bizi gaituen sistema madarikatu honetan dena da lehia. Michelin izarrak banatu dituzte aste honetan Donostian. Oro har, euskal sukaldaritzak emaitza onak lortu ditu, izar kopuruari eusti baitio. Nolanahi ere, gaude banaketan bidegabekeria latza egin dutela, batere izarrik gabe utzi baitute azken aldian sukalde lanik handiena egiten ari den gizona, Brian Currin. Oso gustuko dugu haren menua. Lehen platera: euskal saldaren esferifikazioa, erran nahi baita sekulako lana egiten ari dela pelota basqua non dagoen argitzeko tenorean. Bigarren platera: euskal aharikiaren dekonstrukzioa, erran nahi baita irudipena dugula asmatzen ari dela gure betiko ahari talka gainditzeko bidearekin. Postrea: bakea, erran nahi baita hemen kafeari Baque esaten diogula, eta bakeari kit-kat. Michelin izarrik ez, beraz, Brian Currinentzat. Ea Mitchell printzipioen ezarpenarekin zorte handiagoa duen.

Erosle saldua

Espainiako Gobernuak Saharako aferan duen jarrera lotsagarria azaldu beharrik eduki ez dezan laguntza erabakigarria eman dio EAJk Zapaterori. Haren agerraldia eskatzen zuen ekimenaren kontra bozkatu du Madrilgo Diputatuen Kongresuan. “Diru gehien ordaintzen dienari saltzen diote euren burua. Edonorekin lotzen dituzte akordioak”. Kasu; izan ere, jelkideen jarrera hitz gordinokin definitu duena ez gara gu izan, baizik eta Patxi Lopez lehendakaria, metafora horren arabera jelkideei diru gehien ordaintzen ari zaien alderdi sozialistako kidea, hain justu Gasteizko Eusko Jaurlaritzara iritsi ahal izateko Madrilen etsai porrokatu duen PPrekin akordioa lotu duena. Bada marka. Zapaterok eta EAJk adosturiko eskuduntzak oraindik ez dira  iristen hasi, eta Lopez jada guztiz salduta dakusagu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!