Sukaldeak

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 24a, 00:01

 

Elixabete Garmendia

Gaur, bat ez, hiru dira argazkiak; eta hirurek dute zerikusia sukalde kontuekin.

Lehenengoan ez dakit zenbat Michelin izar eta sari jasotako dozena erdi sukaldari ageri dira: Aduriz, Subijana, Roteta, Argiñano, Arzak eta Berasategi; horietatik bost sukaldari modelo ezberdinekin jantzita daude; seigarrena –Argiñano- paisanoz. Bera da protagonista, izan ere, omenaldia egin diote Donostian ospatzen ari diren Gastronomika biltzarrean.

Bigarren argazkian, aluminiozko sukalde ezin distiratsuagoan, beste sei lagun ageri dira; hemen gorbatadunak dira denak, emakumezko bat salbu, Arrasateko alkatea. Bost gizonezkoetako bat sukaldeko kanpaiaren botoiak sakatzen dabil, beste guztiak adi-adi haren azalpenak entzuten. Albistea da FAGORek hirukoiztu egin nahi duela Txinan daukan etxetresnen negozioa.

Hirugarren argazkiak distira galduta dauka. Ederra izandako etxea teilatua erreta, leihotik gora pareta belztuta ikusten da. Eta hemen albistea da Santurtzin, jatetxea izandakoan, bi lagun hil zirela atzo suteak harrapatuta; hamazortzi eta hogeita bost urte bitarteko etorkin etxegabeak omen ziren.

Donostiako Kursaaletik hasi eta Santurtziko porturaino, Arrasateko FAGORetik pasaz, hiru argazkietako sekuentzian, gaur eta hemengo gizartearen erretratu ozpindua.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/11/elixabete-garmendia-az-23-mp33.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!